NAIZ+

Euskara Merkurio planetara heldu da

Merkurio planetako zazpi formazio geologikori izena ipini berri die Nazioarteko Astronomia Batasuneko nomenklatura batzordeak eta facula bakoitzari sugea animaliaren izena eman diote zazpi hizkuntzatan, bat euskaraz.

Suge Facularen izendapena.
Suge Facularen izendapena.

Suge Facula izena ipini diote Merkurio planetako krater bati. Nazioarteko Astronomia Batasuneko nomenklatura batzordeak, –IAU Working Group for Planetary System Nomenclature delakoak– hautatu du izena, apirilaren 2an egindako bileran.

Faculak, puntu distiratsua esan nahi du latinez, eta halako zazpi puntu izendatu ditu azken egunetan. Guztiei suge izena ipini nahi izan diote; bakoitza, baina, hizkuntza ezberdin batean. Somaliera, igbo, arabiera, afrikaans, irlandako gaelikoa, galesa eta euskara hizkuntzak izan dira aukeratutakoak. Suge Facularekin batera beraz, Abeeso Facula, Agwo Facula, Nathair Facula, Neidr Facula, Thueban Facula, eta Slang Faculae izenak hautatu eta hala deitu dituzte beste hainbeste krater.

Izena orain ipini badiete ere, Merkurio planetako formazio geologiko hauek ez dira berriak. Duela milaka milioi urte izandako bolkanismoaren ondorioa dira faculak eta 150 krater baino gehiago daudela diote adituek. ‘Puntu gorriak’ gisa ere ezagunak dira krater hauek astronomoen artean, izan ere forma biribilekoak dira eta kolore gorrixka dute.

Suge faculak 32 kilometroko diametroa du eta Merkurio planetaren iparraldean aurkitzen den Caloris arroan dago kokatua. Bere fitxa teknikoan izenaren jatorria euskaratik datorrela nabarmentzen dute.

‘Science’ aldizkariak astelehenean eman zuen izendapen honen berri; guk Sustatu atarian ikusi dugu albistea.