Madrilgo Kontu Auzitegian deklaratu dute ostegun goiz honetan Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohi eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohiak. EAJ eta PSEk salatuta eseri dira akusatuen aulkian; 2013an erraustegiaren kontratua eten izanak herrialdeari sortu dizkion kalte-ordainak egozten dizkiete.
«Garbi geratu da kalte-ordain horiek ez genituela guk eragin», azaldu diote auzipetuek NAIZi. «Swap-ak sinatu zirenean sortu ziren kalteak, eta horiek eurek sinatu zituzten».
Intxaurrandietak eta Errazkinek diotenez, bi aukera baino ez zituzten: defizitarioa izango litzatekeen errauste planta eraiki edo enpresa eraikitzaileekin zuten kontratua eten. «19 klausula aurreikusten zituen kontratuak berau eteteko. Elkarren arteko adostasunez eten genuen kontratua, eta legeak ezartzen zuen %3a zehaztu genuen kalte-ordain gisa».
Gainera, onartu dute Denis Itxaso eta Arcadio Benitezek, akusazioaren testiguek, erraustegia eraiki izanaren kasuan modu berean ordaindu beharko lituzkeela herrialdeak swap-ak. «Gure gain nahi dute erantzukizun osoa. Baina swap horiek kontratatu izana da Partzuergoari kalteak ekarri dizkiona», azaldu du Intxaurrandietak.