Besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak; Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko diputatu izan zen Garbiñe Errekondok, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak edo egun Kongresuan koalizio abertzaleko diputatu den Marian Beitialarrangoitiak babestuta iritsi dira Madrilgo Kontu Auzitegira Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta.
2013an Zubietako erraustegia eraikitzeko lanen kontratua etetea erabaki zen eta eragindako kalte ekonomikoa Intxaurrandietak eta Errazkinek bere gain hartzea nahi du, egun EAJ eta PSE alderdiek gehiengoa duten Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, denera 40 milioi euro baino gehiago.
Epaiketa hasi aurretik Marian Beitialarrangoitiak hartu du hitza eta gogoratu du «Kontu Epaitegia kasu hau artxibatzeko puntuan egon zela» eta egungo Aldundiko Gobernu taldearen «bultzadak ekarri duela gaur hona iristea». Hortaz uste du ez dagoela arrazoirik Errazkin eta Intxaurrandietaren aurkako «inolako neurririk» hartzeko.
«Ez gaude hemen erabaki oker bat hartzeagatik, baizik eta erabaki bat hartzegatik; alegia, herritargoari Gipuzkoan egin zitzaion promesa betetzeagatik, herritarren interesa erdigunean jartzeagatik eta erraustegia gelditzeagatik. Hori da gaur Madrilera ekarri gaituena», azpimarratu du.
Zentzu horretan, azaldu du egungo egoera politikoak erakusten duela erabakia zuzena izan zela. Izan ere, eraikitzen ari diren erraustegia bere garaian aurreikusi zena baino txikiagoa dela esan du, orduko proiektua «gaindimentsionatua» zegoela agerian utziz.
📽 @marianbeitia: "Erraustegia eteteko erabakia zuzena izan zela erakusten du egungo egoera politikoak. Proiektua gaindimentsionatuta dagoela agerian geratu da denborarekin, beraz arrazoia eman beharko liekete Ainhoa eta Iñakiri".
— EH Bildu Congreso - Senado (@ehbilducongreso) 2018(e)ko apirilak 12
👉 #DenokGaraAinhoaEtaIñaki pic.twitter.com/ExYT93IBLU