NAIZ

18 film lehiatuko dira FANT zinemaldi fantastikoaren sekzio ofizialean

Maiatzaren 4an abiatuko da FANT Campos Antzokian, Johannes Roberts zinegile britainiarraren azken filmarekin. Horrez gain, Joe Dante zuzendariari ohorezko saria emango diote.

FANT jaialdiaren egitarauaren aurkezpena.
FANT jaialdiaren egitarauaren aurkezpena.

Bilboko Udalak antolatzen duen FANT jaialdiaren 24. edizioa martxan dago eta aurtengo ediziorako, nazioarteko 18 film luze lehiatuko dira Sekzio Ofizialean.

Maiatzaren 4an irekiko ditu ateak jaialdiak, arratsaldeko 20.00etan, Campos Antzokian, une honetako lan zirraragarrienetakoa den Johannes Roberts zinegile britainiarraren ‘Los extraños: Cacería nocturna’ lanaren premier-arekin.

Horrez gain, inaugurazio jardunaldiak Joe Dante zine zuzendariaren presentzia ere izango du. Beste lan batzuen artean ‘Gremlins’ edo ‘El chip prodigioso’ egin dituen zinegileak zinemaldiaren ohorezko saria jasoko du.

Fantasiazko generoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den figura aintzatesten duen FANTROBIA Saria, berriz, duela denbora gutxi ‘Errementari’ (2018) lehenengo lan luzea estreinatu duen Paul Urkijo zinegile gasteiztarrak jasoko du edizio honetan.

Bestalde, FANT LABURREN sailean 11 euskal film labur ikusi ahal izango direla nabarmendu dute. 

Lehiaketako Sekzio Ofizialaren barruan, Film Luze Hoberenaren, Gidoi Hoberenaren eta Zuzendari Hoberenaren FANT 2018 Sariak eskura ditzaketen 18 filmak lehen aldiz ikusi ahal izango dira Bilbon, baina horrez gain, horietako bost Estatu espainiarrean ere lehen aldiz ikusteko aukera izango da.

Golem-Alhondiga zine aretoetan ordaindu beharreko saio guztietara, Campos Antzokiko inaugurazio ekitaldira eta BBK Aretoko amaierakora sartzeko aukera ematen duen zinemaldi osorako abonua  apirilaren16an jarriko da salgai, 30 euroren truke. Saio bakarrerako sarrerek 5 euro balioko dute, baina maiatzaren 7an, 8an eta 9an ‘ZINEAREN JAIA’ ekimena dela-eta sarrerak 2,90 euro izango dira.