NAIZ
BILBO

Eraldaketa sozialaren eta burujabetzaren aldarriak uztartuko ditu LABek Maiatzaren Lehenean

‘Lan, bizi, herri duina’ da LABek aurtengo Maiatzaren Lehenari begira aukeratu duen leloa, eta bi ardatz finkatu ditu: «eraldaketa sozialerako grina gauzatzeko mobilizazio soziala indartzea» eta «gogo hori burujabetza prozesuarekin lotzea». Eskualdez eskualde egingo dituzte mobilizazioak.

LABen agerraldia, Maiatzaren Lehena aurkezteko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
LABen agerraldia, Maiatzaren Lehena aurkezteko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Antolakuntza idazkari Izaskun Garcia eta Komunikazio idazkari Maider Jauregik agerraldia egin dute Bilbon, iristear den Maiatzaren Lehenaren inguruko irakurketa egin eta egun horretarako deitu dituzten mobilizazioen berri emateko.

Eskualdez eskualde hainbat mobilizazio egingo dituztela azaldu dute, ‘Lan, bizi, herri duina’ lemapean. Lelo hori, azaldu dutenez, «langile eta herri moduan ditugun helburuen erakusle» da.

Helburu hori bi ardatzetan bereizi du Garbiñe Aranburuk. Alde batetik, adierazi du «lan, bizi, herri duina helburu, herri honetan dagoen eraldaketa sozialerako grina gauzatzeko mobilizazio soziala indartzea» izango litzatekeela aurreneko erronka.

Aranbururen esanetan, «eredu berri bat eta aldaketa soziala aldarrikatzen duen mobilizazio soziala bizi bizirik dago. Emakumeak kalera atera gara, pentsionistak kalean daude, hainbat dira lantokiz lantoki borrokan dauden langileak».

Productos Tubulareseko Enplegua Erregulatzeko Espedientea atzera bota izana edo Nafarroako klausula sozialen legea onartu izana ere langileen borrokaren ondorio direla azpimarratu du.

Lantokiz lantoki ematen ari diren dinamiketatik harago, «erantzun orokorragoak» behar direla uste du Aranburuk.

«Inboluzio sozialak hainbat adierazle ditu, baina guretzat azpimarragarria da Akordio Interprofesionalaren kontrako erasoa. Inpugnazioaren helburua dugun burujabetza maila mugatua erasotzea da. Injerentzia argi bat da, 155en artikulua lan harremanetara ekartzea dela esan dezakegu. Bertako hitzarmenak negoziatzeko dugun eskubidearen kontra jotzen du zuzen zuzenean, euskal langileon erabaki ahalmena erabat mugatuz», esan du.

Era berean, azaldu du bigarren erronka litzatekeela «aldaketa sozialerako gogo hori burujabetza prozesuarekin lotzea, burujabetza prozesuari ekiteko garaia delako».

Ezinbestekoa da burujabetza eskuratzea

Garbiñe Aranbururen arabera, «fase politiko honen helburua ezkerretik elikatuko den burujabetza prozesua martxan jartzea izan behar da. Eraldaketa sozialean aurrera egingo badugu, lan duina, bizi duina eta herri duina eraikitzeko, ezinbestekoa da burujabetza eskuratzea».

«Ez dago eraldaketa sozialik erabaki ahalmenik gabe», adierazi du.

Estatuaren «birzentralizazioaren aldeko apustu argia» eta Kataluniarekiko darabilen «errepresio bortitza» salatzeaz gain, EAJri ere aipamena egin dio: «EAJk ez du burujabetzan sakontzearen beharrik, egungo eskuduntzak eta kontzertuak ematen dituen aukerak nahikoak ditu Confebasken interesak zaintzeko».

Azkenik, LABek uste du sindikalgintzak ezin duela eraldaketa soziala eta burujabetzaren inguruko eztabaidatik kanpo. «Eragile aktibo izan behar dugu, prozesua martxan jartzen laguntzeko, prozesu hori ezkerretik elikatzeko eta prozesu horretara langileen gehiengoa ekartzeko. LAB prest dago horretarako», nabarmendu du Aranburuk.