NAIZ+

«Eusquera», Tele5 katean

Tele5 kate espainiarreko ‘Pasapalabra’ saioan euskaldunon hizkuntzaz galdetu eta “euskera” idatzi ordez “eusquera” idatzi zuten. Kexa ugari izan dira sarean.

Pasa den astean Tele5 kate espainiarreko ‘Pasapalabra’ saioan euskaldunon hizkuntzaz galdetu zioten lehiakide bati eta erantzun egokia euskara bazen ere, q hizkiaz idatzita ageri zen.

Zehazki, ostegun iluntzeko ‘Pasapalabra’ saioaren azken ariketan itaundu zioten euskararen inguruan Fran izeneko lehiakideari. Abezedarioko hizki guztiekin erroskilla osatu behar dute parte hartzaileek ariketa honetan eta saioko gidariak, Christian Gálvezek, Q letrarekin eskatu zuen euskaldunon hizkuntzari zegokion hitza.

Sare sozialetan kritika ugari eragin ditu euskararen grafia horrek.

Haatik badira ‘vascuence´ zaharkituaren ordez, nahiz Q letrarekin izan, euskara esaten ikasi dutelako pozik egoteko arrazoia dela defendatu dutenak.

Zuzeu ataria iritzi berekoa da eta atzerriko hizkuntzekin guk geuk ere gure grafia maiz erabiltzen dugula ekarri du gogora. «Zer arazo dago espainiarrek beren grafia erabil dezaten, horrela bederen “euskera” hitza ondo ahoskatzeko gai badira?» galdetu du sarean zabaldutako artikuluan.

Are gehiago,  Naffar Translator programa erabili eta “eusquera” nafarreraz idatzita dagoela frogatu du Zuzeuk.