NAIZ+

Aitatasuna eta espetxea, kantu batean

Motxiladun umeei elkartasuna adierazi eta haien errealitatea ezagutarazi nahi du Etxarri Aranatzeko Sareren ‘Seme’ proiektuak.

Semearen jaiotza espetxetik nola bizi izan zuen kontatzen eta kantatzen du Oihan Barandalla preso etxarriaranaztarrak Lannemezango espetxetik. Horixe da larunbatean aurkeztu zuten Seme proiektuaren oinarria. Izan ere, Barandallak kartzelan gitarraz, armonikaz eta ahotsaz atera dituen melodia eta hitzak kantu eta bideoklipa bihurtuta aurkeztu zuten larunbatean.

Etxarri Aranatzeko Sare Herritarraren egitasmo honek ‘Atia miñe… ein ziaun ahalegiñe’ ekimenean du bere oinarria. Herriko presoen testigantzak biltzea eta herrian zabaltzea bilatzen zuten, beti ere presondegietan pairatzen dituzten eskubide urraketak azaleratzeko asmoz. Seme proiektuarekin ostera, motxiladun umeei elkartasuna adierazi eta haien errealitatea ezagutarazi nahi dute.

Sakanan bost dira motxiladun umeak; Xiberu, Amets, Haize, Xochitl eta Izar dira Sakanako euskal presoen seme-alabak eta herritarren babesa jaso zuten larunbatean Etxarriko Aranatzeko kultur etxean egindako ekitaldian. Egun, Euskal Herrian 18 urte arteko 104 haur eta nerabek dute ama-aita kartzelan.

Ez da lehen aldia Sakanan aitatasuna hizpide hartzen dutela. Iaz bideo-erreportaje sail baten bidez aitatasuna eta amatasuna espetxean nola bizi den agerian jarri nahi izan zuten. Bideo-erreportajean Juan Ramon Karasatorre ‘Popi’ presoak idatzitako gutuna dute ardatz, Castelloko Albocasser espetxetik (450 km) idatzitakoa.