Jose Angel ORIA

Gazak amestutako F-16ak eta Mossadek hildako ingeniariak

Israelgo Estatu ahalguztidunaren eta miseria gorrian bizitzera kondenatutako palestinar herriaren arteko borrokan ez dago orekarik, ostiralean berriz ikusi ahal izan zenez. 48 gazatar hil ditu Israelek, Itzuleraren Ibilaldi Handiari hasiera eman ziotenetik.

Gazaren eta Israelen arteko mugan protesta egitea ohikoa bezain arriskutsua da palestinarrentzat. Garai batean harriak eta Molotov koktelak jaurtitzen zizkietan soldadu israeldarrei, eta urte batzuetan prezisiorik gabeko suziriak ere bai (ia kalterik ez zuten eragiten), baina azken bolada honetan arma bihurtutako jostailuak bidaltzen dizkiete: suteak eragiteko kemen teorikoa duten kometak. Sare sozialetan «palestinar F-16a» deitu diote asmakizunari, umore puntu batez, etsaiak beraien aurka erabiltzen dituen gerra hegazkin modernoak gogora ekarriz.

Mugan jarritako hesitik ehunka metrora, olibondo baten babesean, Gazako nerabe batzuk kometak egiten ari dira, kolorezko paperak eta plastikozko botila hutsak erabilita. Palestinako banderaren beltza, zuria, berdea eta gorria, etsaiak izutu nahian. Erregaiz betetzen dute ontzia, kometari lotu eta hesira hurbiltzen dira. Gehiegi aurreratuz gero, frankotiratzaileek tiro egin eta hilko dituzte. Botilari su eman eta haria askatzen dute, arma bihurtutako jostailuak muga nola zeharkatzen duen ikusteko. Berehala eroriko da, okupatzaileen posizioetatik gertu, sutan. «Etsaia beti larrialdi egoeran sentitzea nahi dugu», esan dio kazetariari ekintzaile batek.

Mossaden beso luzea

Israelgo Armadak betidanik erabili ditu aire-erasoak palestinarrak menderatu nahian, eta erresistentziak ere bide bera jorratu nahi izan du, nahiz eta askoz ere baliabide gutxiago izan –arrakasta handirik gabe, oraingoz–. Emaitza horretan sekulako garrantzia dauka Mossad Israelgo zerbitzu sekretuak, palestinarrentzat arma eta tresna berriak diseinatzen dituzten pertsonak hiltzen baititu munduko edozein lekutan.

Horrela gertatu zen apirilaren 21ean: “The New York Times” egunkariak emandako informazioaren arabera, Yosi Cohen Mossadeko buruak berak agindu zuen Malaysian bizi zen Fadi al-Batsh irakasle eta ingeniaria hiltzeko. Drone edo piloturik gabeko hegazkinak prestatzen zituen palestinarrak eta, Israelgo hedabideen arabera, Hamasen inguruko talde armatuentzat egiten zuen lan. Motoz hurbildu zitzaizkion bi lagunek egin zioten tiro, Kuala Lumpur hiriburuko meskita batera otoi egitera zihoala. Arrastorik ez zuten utzi erasotzaileek. Israelgo Gobernuak ez du ezer argitu, baina hedabide sionistek ez dute beren harrotasuna ezkutatzen: «Badirudi Hamaseko terrorista batentzat lanik arriskutsuena ez dela borrokara doan soldadu izatea, puntako teknologian lan egitea baizik», idatzi zuen Silvia Schnesselek “The Jerusalem Post” egunkarian.

Aipatu artikuluan egileak Muhammad al-Zawariren aurkako erasoarekin alderatzen du Al-Batshen kontrakoa. 2016ko abenduaren 15ean hil zuten, Tunisian, droneak egiten zituen ingeniari aeronautikoa. Hiltzaileak Mossadeko agenteak izan zirela baieztatu gabe, Silvia Schnesselek dio Cohenek zuzentzen duen espioi agentziak ikasi duela etsaiak hiltzen, bazter guztietan dauden bideoek egileen irudirik hartu gabe. «Ondo egindako ekintza», sionisten ikuspuntutik aztertuta.

Gaizki ateratakoen artean 2010ean Dubain egindako hilketa aipatzen dute. Orduan Mahmoud al-Mabhouh izan zen erasoaren biktima, baina bideo batek Mossadeko agente guztien irudiak hartu zituen eta israeldarrek porroten artean kokatu zuten Arabiar Emirerri Batuetako operazioa.

Tunisiarren ikerketa

Tunisiako erasoaren ondoren bertako Poliziak hamarren bat atzerritar atxilotu zituen. Galdeketatik ikerlariek ondorioztatu zuten irudietan ageri ziren lagunek ez zekitela zertan ari ziren, Mossadeko benetako agenteek konbentzitu zituztelako, bideoak zeuden lekuetan aritzeko. Ez zuten haririk tiraka aritzeko eta Palestinan gaiari begira zeudenek pentsatu zuten tunisiar ikerlariek lana amaitu gabe utzi zutela.

Mossadek 3.000 pertsona hil ditu mundu osoan azken hamarkadotan, Ronen Bergman kazetari israeldarrak orain hiru hilabete “Der Spiegel” astekari alemaniarrari adierazi zionez. “Gerra ezkutua. Israel eta Mossaden erailketa sekretuak” izenburuko liburuaren egileak argitzen du kopuru horretan, erasoen jomuga izan ziren pertsonez gain, atentatuan hildako guztiak hartu dituela kontuan, berak «akats» deitutako heriotzak. «Une eta leku ezegokian zeuden», Alemaniako hedabideari esplikatu zionez.

Hamaseko kideak jomugan

Israelgo espioien jarduera gorabehera politikoei erabat lotuta dagoela azaldu zuen idazleak. Adibide moduan aipatu zuen Bigarren Intifadan zehar (2000. urtean hasi zen eta begiraleek diote 2005ean amaitutzat eman zela), egun batzuetan lauzpabost lagun hiltzeko agintzen zitzaiela agenteei, «hilketa selektiboak» deitutako operazioetan. Normalean Hamas mugimenduko kideak izaten ziren erasoen biktimak.

Aipatzeko modukoa da Mossadek edozein herrialdetan egiten dituela erasoak, eta hedabide sionistek nabarmentzen dute Iranen ere egin izan dituela.

Moshe Yaalon garaiko Defentsa ministroak 2015ean aditzera eman zuen Israelgo agenteek hil zituztela aiatolen herrialdeko zientzialari nuklearrak, esaterako.