NAIZ+

#IndazuAlbiristea, martxan Euskarazko Wikipediako lehiaketa berria

Euskarazko Wikipedia hornitzeko helburua duen lehiaketak langileen historiari arreta jarriko dio maiatzean. Zeresana eman du lehiaketa sarean zabaltzeko egindako bideoak

Maiatza hastearekin batera, abian jarriko da Euskal Wikipediaren lehiaketa berria. Oraingoan langileen historiari arreta jarri nahi dio auzolanean garatzen eta handitzen ari den entziklopedia digitalak. Parte hartzeko, proposatzen den artikulu zerrendako elementuak landu beharko dira. Irabazleak langile mugimenduaren inguruko liburu sorta bat jasoko du.

Zeresana eman du lehiaketa sarean zabaltzeko egindako bideoak. ‘Internazionala’-ren euskarazko bertsioa du jomuga eta «itzulpen tristea» dela defendatzen du.

Gai bat hilabeteko 

Artikulu kopurua eta herritarren atxikimendua areagotu asmoz hilabetez hilabete gai zehatz baten inguruko artikuluak sustatzeko lehiaketak egiteko erronka jarri zuten 2018arekin batera. Afrikako historiari loturiko artikuluekin hasi zuten urtea Euskarazko Wikipedian, otsailean euskal musika izan zen ardatz, martxoan emakumeen historia azaleratzeko lanarekin jardun zuten eta apirilean elikaduraren txanda heldu zen.

Ekainean ostera, giza sexualitatea hartuko dute hizpide, munduko hiriak uztailean eta abuztuan, nazioartean garatzen ari den 'WikiLovesMonuments' lehiaketarekin bat egingo du euskarazko Wikipediak irailean, urrian astronomia izango da ardatza, giza anatomia azaroan eta dinosaurioak abenduan.