NAIZ+

Bretainiako ‘Korrika’, abiatzeko prest

Bihar hasi eta datorren maiatzaren 12ra arte, Bretainia korrika zeharkatuko dute gau eta egunez euren hizkuntza hauspotu eta plazaratzeko. 

Ar Redadeg du izena gure Korrika eredu hartuta Bretainian antolatzen duten herri lasterketak eta bihar abiatuko duten edizioarekin, hamar urte beteko ditu ekimenak. Kemperretik irtengo da bihar eta 1800 kilometro eta Bretainiako bost departamentuak zeharkatu ostean, hilaren 12an bukatuko da Plougernen.

AEK-k antolatzen duen Korrika erreferentzia moduan hartuz 2008an hasi ziren Ar Redadeg lasterketa antolatzen. Korrika bezala, bi urtez behin egiten dute eta euskaldunok egiten dugun bezala, ezkutuko mezua daroan lekukoak eskuz esku bidaiatzen du ibilbidean osoan zehar.

Hamar urte betetzen dituen hizkuntza gutxitu honen aldeko lasterketa herritarrak eta geroz eta babes handiagoa jasotzen du bretoien aldetik. Lehenengo urte hartan 600 kilometro egin zituzten, eta aurtengoan 1.800 izango dira korrika egingo dituzten kilometroak. Izan ere, geroz eta jende gehiagok hartzen du parte lasterketan, bai lekukoa eramanez, bai lasterketa bera jarraituz eta baita bretoierari bultzada eta laguntza ekonomikoa emanez.

Gurean bezala ibilbideko kilometroak aurrez banatu eta erosi egiten dira eta urtero abesti berri batek girotzen du bretainiaren aldeko lasterketa. Aurtengoa, albistean duzue entzungai.

Euskal herritarrak ere, bertan

Euskal Herriko ordezkaritza batek arineketan bat egingo du Ar Redadeg lasterketarekin. Batetik, edizio bakoitzean egin duen bezala, Ipar Euskal Herriko AEK-k kilometro bat erosi du eta bestetik, Karaez-Oiartzun Senidetza taldeak eta Oarsoaldeko AEK-k autobusa antolatu dute okasiorako. Oiartzun-Karaezek eta Oiartzungo Udalak ere beren kilometroa erosi dute ibilbidearen azken zatian.

Ar Redadeg ez da, baina, Korrikaren ahizpa bakarra. Irlandan gaelikoaren aldeko Rith lasterketa egiten dute eta aurtengo martxoan bosgarren edizioa egin dute. Belfastetik abiatu eta zazpi egunez eta 500 kilometro korrika egin ostean, Kerryn amaitu zen martxoaren 17an.