GARA
ARRIGORRIAGA

Clown-ek eta pailazoek hartuko dute beste behin Arrigorriaga

Bihar abiatuko da 23. Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia eta, aurten, hamaika izango dira Bizkaiko herriko hiru agertokiak hartuko dituzten taldeak. Doako emankizun horiez gainera, tailer eta erakusketa bana ere izango da.

Arrigorriagako 23. Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia izango da bihartik igandera, eta orotara hamaika talderen ikuskizunak ikusteko aukera izango da. «Arrigorriagako jaialdiak artista mordo bat biltzen du urtero eta helburua hitzordu iraunkor bat izatea da, bai Arrigorriagako bai Bizkai osoko biztanleentzat», nabarmendu zuen herriko alkate Asier Albizuak.

Parte hartuko duten konpainietatik hiru Euskal Herrikoak dira, bi Iberiar penintsulatik datoz eta gainerakoak Danimarka, Argentina, Kolonbia, Bretainia Handi, Txile eta Italiatik. Hizkuntzei dagokienez, ikuskizun bakarra antzeztuko da euskaraz, gaztelaniazko lau lan ikusi ahalko dira eta gainerakoak testurik gabeko lanak dira. Horiek herriko hiru espaziotan –Udaletxe Plaza, pilotalekua eta kiroldegia– banatuko dira eta, zehaztu zutenez, horietan jaialdia egin ahal izatea bermatzen da eguraldia edozein izanda ere. Ohi bezala, ikuskizun guztiak doakoak izango dira.

Jaialdiaren zuzendari eta Arrigorriagako Udaleko kultur teknikari Amagoia Garaizabalek gaineratu zuen bi ekintza paralelo ere izango direla: Tarragonako Cia. Passabarret taldeak “Haurrentzako Zirku Tailerra” eskainiko du bihar eta, udaletxeko Erakusketa Gelan, “Zirkuaren armairua. 15 jantzi eta agertokiaren atzealdeko gune bat” erakusketa egongo da igandera bitartean.

Bihar, nazioarteko zirkua izango da nagusi Lotta & Stina (Danimarka) trapezisten, Cia. Levelibula-en (Argentina) eta Pass & Company-ren (Kolonbia/Estatu espainola) ikuskizunekin. Aurrestreinaldi batek emango dio hasiera larunbateko programazioari, Aimar y Cia. taldearen “Etxea/Casa/Home” lanak: etxeari eta nortasun pertsonalari buruzko antzerki eta zirku ikuskizun bat da, testurik gabea eta publiko guztiari zuzenduta. Ondoren, Men in Coats (Bretainia Handia), Trinity (Txile) eta Cia. Albadulake (Extremadura) ariko dira. Igande goiza euskarazko lan bakarrak, Zozongo-ren “Reziklator” perkusio ikuskizunak, irekiko du. Atzetik etorriko dira Shakti Olaizola eta euren ikuskizunen emanaldi berri bana eskainiko duten Men in Coats eta Lotta & Stina, eta Cia. Lucchettino. “Gala de Magia Clownesca” saioak emango dio amaiera jaialdiari, El Gran Dimitri, Manolo Costa y Mindanguillo eta Los Taps artisten eskutik.