naiz
Donostia

Realak eta Athleticek igandean Anoetan jokatuko duten derbirako sarrerak, 10 eurotan salgai

Igandean Anoetak emakumezkoen euskal derbia hartuko du eta Realeko bazkideek sarrera doan izanen dute, baita 14 urtez azpiko zaletuek. Gainontzekoentzako sarrera 10 eurotan egonen da salgai. Gizonezkoen taldeko neurketetan bezala, autobusak eskainiko dira probintzietako zaleentzat.

Joaneko partida Lezaman jokatu zuten Athleticek eta Realak. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Joaneko partida Lezaman jokatu zuten Athleticek eta Realak. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Lehen aldiz emakumeen euskal derbia Anoetan jokatuko da. Igandean, maiatzak 13, 16:00etatik aurrera, Realak eta Athleticek indarrak neurtuko dituzte gipuzkoar hiriburuan. Talde txuri-urdinak zaleek harmailak betetzeko desioa plazaratu du euskal futbolaren jai berri bat bizitzeko asmoz.

Bazkideek doan izango dute sarrera, baina ez da eserlekua gordeko. Bestalde, bazkide ez diren zaleentzat sarrerak 10€-ko prezioa izango du, baina 14 urtez azpiko zaleek Anoetara doan sartzeko aukera izanen dute.

Txarteldegiak ostiralean irekiko da, 16:00etatik 19:00etara. Larunbatean, aldiz, 10:00etatik 14:30etara egonen da sarrerak eskuratzeko aukera eta igandean bertan 10:00etan irekiko dira lehiatilak.

Autobusak Gipuzkoako herrietatik

Bestetik, gizonezkoen taldeko neurketetan bezala, autobusak eskainiko dira Gipuzkoako zaleentzat. Eserlekua ohiko postuetan erreserbatuko da.

Txuri-urdinek Kopara sailkatzeko aukerak bizi-bizirik dituzte oraindik, eta horretarako igandeko derbian, gutxienez, berdinketa eta puntu bat eskuratu beharko dute. Athleticek, aldiz, hirugarren postua du jokoan, Granadilla Teneriferi bi puntuko aldearekin iritsi da-eta azken jardunaldira.