naiz

Hizkuntza Eskubideen Protokoloa Euskal Herrira egokitu dute

Hizkuntza komunitateen eskubideak aintzat hartuz, desabantailan dauden hizkuntzak dagokien tokian ezartzea helburu aurkeztu zuten 2016an Hizkuntza Eskubideen Protokoloa eta orain Euskal Herrira egokitu du Kontseiluak, 80 eragileren laguntzari esker.

Hizkuntza Eskubideen Protokoloaren Euskal Herrirako dokumentua aurkeztu du Kontseiluak Donostian. (FOKU)
Hizkuntza Eskubideen Protokoloaren Euskal Herrirako dokumentua aurkeztu du Kontseiluak Donostian. (FOKU)

Esparru ezberdinetako eragileen arteko elkarlana oinarri izan duen lanketari esker, Hizkuntza Eskubideen Protokoloa Euskal Herrira egokitu dute eta «euskararen betaurrekoetatik Protokoloa garatzeko gidaliburu» bezala definitu dute. Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute gaur.

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak esan duenez, «2016ko abenduaren 17an Protokoloa aurkeztu eta berehala izan genuen argi harri bitxi hori landu behar genuela eta gure betaurrekoekin irakurtzeko gida zehaztu behar genuela».

Azaldu duenez, 80 eragile baino gehiagok hartu dute parte. Neurri bakoitzaren ezaugarriak zehaztea izan da azken urtean eragileekin egindako lana. Neurri bakoitza euskararen ikuspegitik nola aplika daitekeen zehazteko balio dute ezaugarri horiek.

Urtxintxa Eskolako arduradun Amagoia Osinalde, PuntuEus fundazioko zuzendari Josu Waliño, Sortzen elkarteko euskara arduradun Olatz Egiguren eta LAB sindikatuko euskara arduradun Amaia Aurrekoetxeak ere parte hartu dute prozesuan eta gaurko aurkezpenean. Osinaldek nabarmendu du euskarazko aisiaren inguruko egoeraren azterketa egiten laguntzeaz gain, «gaia zentratzeko aukera» eman diela prozesuak.

Waliñok, bere aldetik, «ingurune digitalean lehentasun batzuk zehazteko» balio izan diela esan du, Euskal Herrian «urgentziaz landu beharrekoak eta eraginkorrak izan daitezkeenak» arloarentzat.

Aurrekoetxeak «lan eremuko eragile eta alor guztiak ukitzen dituela» nabarmendu du eta eskubide demokratikoetan oinarritzen dela. «Diskurtsorako oinarriak, elkarlanerako oinarriak eta dinamika zehatzak lantzeko bideak ematen dizkigu».

Europako 30 hizkuntza gutxituren normalizazioaren aldeko ehunetik gora eragilek helarazitako proposamenekin aurkeztu zen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa 2016an. «Hurrengo urteetarako erronka, aldiz, Protokoloa barne-politiketan inplementatzea eta horretarako ere, Protokoloaren Euskal Herriko Garapena tresna nahitaezkoa izango da», Bilbaoren esanetan.