@belastegi

LAB Irakaskuntzak atzera zein aurrera begiratu du 30. urteurreneko ekitaldian

30 urte bete ditu LAB sindikatuko Irakaskuntza atalak, eta Usurbilen egindako ekitaldian horren inguruko gogoeta egin dute. Aurretik lortutako garaipenak eta egindako akatsak aztertu ostean, hurrengo pausoak zeintzuk izango diren zehazten saiatu dira.

Ekitaldiaren lehenengo zatia afiliatuei zuzendutakoa izan da. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Ekitaldiaren lehenengo zatia afiliatuei zuzendutakoa izan da. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

LAB Irakaskuntzak 30 urte bete ditu eta ospatzeko ekitaldi berezi bat egin du gaur Usurbileko ikastolan. Hasierako zatia afiliatuei zuzendutakoa izan da eta bertan sindikatuaren bilakaerari begirada azkar bat bota diote.

Azken partean prentsari ireki dute ekitaldia. Ruben Iglesias Hezkuntza Politikako arduradunak hartu du hitza lehenik. Azpimaratu du «gabeziak» egon direla denbora honetan, baina horiei buruz hausnartuz gero aurrera egitea posiblea izango dela. Era berean, Estatu espainiar eta frantsesaren hezkuntza ereduaren inposaketa salatu du, hezkuntza eredu propio baten alde. Honek herriak dituen «behar ekonomiko eta kulturalei» erantzungo lieke, eta horregatik «hezkuntza erdigunean» duen euskal errepublikaren loratzearen alde egin du apustu. «Estatu frantsesean hezkuntza frantsesa eta Estatu espainolean hezkuntza espainola duten bezala, guk hezkuntza euskalduna nahi dugu», aldarrikatu du. Bide «malkartsua» izango dela aitortu ostean, Katalunian auziperatuak izan diren irakasleak gogoan izan ditu. «Gure besarkada eta maitasunik handiena bidaltzen dizuegu. Zuekin gaude», esan du.

Honen ostean, Ibai Redondok, Iglesiasen kideak, hartu du hitza. Honek adierazi du erabaki dutela LABen barruan eztabaida bat sustatzera aurkeztu duten egitasmoaren inguruan. Helburua, euskal eskola publiko komunitario bat sortzea da «ez dugulako sinisten hezkuntza sistema zentralitario batetan, baizik eta behetik gora eraikitzen den horretan». Segregazioarekin gainditu nahi dute; honakoa klase sozial, jatorri eta hizkuntzaren arabera ematen denez, sakabanaketa horren kontra borrokatzea proposatzen dute. Batez ere, klase sozial baxua duten familietako haur eta gaztetxoei «kalitatezko hezkuntza» izan dezaten, haiek «gure kultura eta hizkuntza ezagutzeko eskubidea» dutelako.

Bide horretan aurrera egiteko, hezkuntza burujabea duen herri burujate bat lortzeko proposamena egin dute, non EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko administrazioek bateratu behar diren. «5.000 afiliatu ditugu hezkuntzan eta horiek ahaldundu egin behar dira. Inportantea da aldaketa ikastetxez ikastetxe egitea», azpimarratu du.

Amaitzeko LABeko idazkari nagusia, Garbiñe Aranburu, bertaratuei zuzendu zaie. «Inboluzioa ematen ari da sektore guztietan; hezkuntzan, zerbitzu publikoan eta lan harremanetan», aipatu du arazo horiek «zentralizazioaren atzean» ezkutatzen direla adieraziz. EAJren jarrera salatu du ondoren, PPrekin aurrekontuak hitzatzeagatik, baina pentsioen «jokaldia» ondo atera ez zaiela esan du. «Pentsiodunen mobilizazioak klase osoarenak izatea da erronka, erabat lotuta dagoelako euren egoera langileen egoerarekin», laburtu du. Gatazka armatua amaituta ziklo berri bat zabaltzen dela onartu badu ere, «gatazka politikoa bere horretan jarraitzen duela» argi utzi du.