NAIZ

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak dio ura etxean arazteko tresnak ez direla «beharrezkoak»

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak jakinarazi du ura etxean arazteko tresnak merkaturatzen dituen enpresa bat agertu dela eta instalazio horien truke diru kopuru handiak eskatzen dituela, baina salatzen dutenez, instalazio horiek ez dira «beharrezkoak».

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak duela urtebete ohartarazi zuen ura etxean arazteko tresnen merkataritza jarduketak antzeman zirela Ezkerraldeko udalerri batzuetan, eta orain Durangaldera heldu direla iragarri du.

Horrela, ur partzuergoak berretsi du bere jardun eremuan «urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan» hornitzen duen uraren kalitate ona bermatzen duela. Hain zuzen, hornidura laborategiak ENAC ziurtagiria du, UNE-EN ISO/IEC 17025 araua betetzen duelako. Bada, laborategi horretan, urtean 10.200 lagin ur aztertzen dira, hau da, guztira 250.000 parametro inguru. Gainera, hornidura laborategia Kontrol eta Zaintza Unitate moduan dago eratuta, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egiaztatzen du.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak nabarmendu du urtegietako uraren kalitatea eta ibai arroen kutsadura maila kontrolatzen direla, baita ur araztegietara heltzen diren urak eta araztegi horietatik edateko moduan ateratzen direnak ere.

Horrez gain, gordailuetan, banaketa sareetan eta kontsumitzailearen txorrotetan dagoen uraren kalitatea kontrolatzen du eta haren jarraipena egiten du.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ziurtatu du instalazio horiek ez direla «inondik inora beharrezkoak».