NAIZ+

30 urte, «mundu bidezko eta solidarioago» baten alde

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundearen 30. urtemuga izen handiko pertsonekin ospatu dute,  «mundu bidezko eta solidarioago» bat lortzeko egiten duten lana erakusteko  asmoz.

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak -nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 80 GKEz osatutakoa-, 30 urte betetzen ditu aurten eta herritarrengana jotzen du «mundu bidezko eta solidarioago» bat lortzeko egiten duten lana erakusteko bokazioz.

«30 urte aztarna» uzten lelopean, hainbat pertsona ezagunek lankidetza euskal politikak babestu dituzte eta ikus-entzunezko kanpaina baten bidez, bertatik sustatu diren lankidetza-proiektuak ezagutzera eman nahi izan dituzte.

Izen handiko hainbat pertsonek egin dute bat ospakizunekin, erakunde publikoek, garapenerako GKEek eta herritarrek egindako bidearen garrantzia azpimarratzeko. Tartean dira Unax Ugalde, Gorka Otxoa eta Maribel Salas aktoreak; Jordi Évole, Gervasio Sánchez eta Rosa María Calaf kazetariak, Iban Garate komunikatzaileak. La Otxoa eta Francis Díez abeslariak; Virginia Imaz pailazo eta kontalaria; Morena Herrera aktibista feministak edota Eva Arguiñano gozogilea.

Lankidetza euroak eta aurrekontuak baino gehiago direla defendatzen du Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak. «Izan ere, herrialde pobretuetan bizi diren eta pobrezia eta desberdinkeria pairatzen dituzten milaka pertsonaren funtsezko eskubideak bermatzen laguntzen dugu», azaltzen dute. Horren erakusle Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak urteurrenaren harira egingo duen ikus-entzunezko kanpaina. Euren webgunean (www.ongdeuskadi.org/30urteurrena/) eta sare sozialetan hilero bideo labur eta erakargarriak argitaratuko dira, non GGKEek euskal herritarren eta erakunde publikoen ahaleginari esker gauzatzen dituzten proiektuen berri emango duten.

Maiatzean argitaratutako lehen bideoan, Zabalketa garapenerako GKEak erakusten du zer teknika garatu duen Boliviako haran garaietan 3.000 metroko altueran dagoen lainoa harrapatzeko, kontsumorako eta nekazaritzarako ur bihur dadin.