naiz
Donostia

Hamar orduko elkarretaratzea egin dute Donostian metroaren pasantearen aurka

10.00etatik, ordubeteko txandak eginez, elkarretaratze iraunkorra egin dute Donostiako udaletxearen aurrean metro pasantearen aurka. Diru publiko «herritarren beharretarako» jartzea eta galdeketa bat egitea aldarrikatu dute. 20.00ak arte izan dira bertan.

10:00etan ekin diote Donostiako udaletxearen aurrean metro pasantearen aurkako elkarretaratzeari. (Satorralaia)
10:00etan ekin diote Donostiako udaletxearen aurrean metro pasantearen aurkako elkarretaratzeari. (Satorralaia)

Hainbat talde sozialek eta erakundek Donostiako metro pasantearen aurka 10 orduko enkartelada egin dute gipuzkoar hiriburuko udaletxearen aurrean. 10.00etan hasi eta 20.00ak arte ordubeteko txandak egin dituzte, enkarteladara bildu diren herritarrekin eta bizilagunekin batera.

Ekimen honekin herritar guztiei mobilizatzeko eta datorren larunbatean metroaren pasantea gelditzea eskatzeko egingo den manifestaziora ahalik eta jende gehien biltzeko deialdia zabaldu nahi dute. Talde ugarik babestu dute bai gaurko ekimena, baita larunbatekoa ere. «Gure herriaren garapenak herritarron beharren araberakoa izan behar duela aldarrikatzen dugulako batu gara Satorralaiak antolatutako ekimenera», adierazi du LAB sindikatuak. Ildo beretik, Erraustegiaren Aurkako Plataformak «diru publikoa herritarron beharretarako» erabili behar dela nabarmendu du.

Ikasle Abertzaleak erakundeak, aldiz, metroa «ikasleak eta gainontzeko desjabetuak desjabetuagotzeko eta menperatzaileen metaketa prozesua areagotzeko prozesuaren beste adibide bat» direla azpimarratu du. Kaleratzeak Stop, Eleak-Libre eta BiziLagunEkin ekimenek, galdeketa baten aldeko apustua egin dute berriz.

Bestetik, Satorralaia mugimenduak Eneko Goia alkateari egitasmo honen inguruan «erantzunik jaso ez duten eragozpen larrien inguruan» zenbait galdera egiten dizkion idatzia aurkeztuko du bihar udaletxean. «Alkateak ezin du egitasmo honek Donostiako herritarren artean sortarazten duen ezinegonaren eta desadostasun zabalaren aurrean ezjakinarena egiten jarraitu», azpimarratu dute. Eztabaida publikoari eta herritarren partehartzeari bideak irekitzeko nahiz herri-galdeketa bat egiteko eskaera guztiei ezezkoa eman die Goiak.