NAIZ

Kunsthal, Goi Mailako Diseinu Zentroak Zorrotzaurren irekiko ditu ateak 2019ko irailean

Bilboko Udalak eta Kunsthal zentroak hitzarmen bat sinatu dute Zorrotzaurren kokaturik dagoen Papelera eraikin industrial enblematikoaren lagapena adostu eta bertan Goi Mailako Diseinu Zentroa irekitzeko 2019ko irailetik aurrera.

Udalaren eta Kunsthal zentroaren arteko akordioa aurkeztu dute. (Bilboko Udala)
Udalaren eta Kunsthal zentroaren arteko akordioa aurkeztu dute. (Bilboko Udala)

Kunsthal Zentroak 20 urteko ibilbidea egin du Irunen, eta egoitza berria irekiko du Bilbon. Eraberritua izango den Zorrotzaurreko «irlan» irekiko ditu ateak Goi Mailako Diseinu Zentro berriak. Juan Mari Aburto alkatearen ustez, «Zorrotzaurreri prestigio handiko prestakuntza-proiektu bat edukitzeko aukera eman zaio, Bilbo hiri unibertsitarioa izateko helburuarekin».

Papelera bezala ezagutzen den eraikinean ezarriko da Diseinu Zentroa eta 2019ko irailean irekiko dituela ateak iragarri dute.

Bestalde, Bilboko alkateak aurreratu duenez, diseinu zentroa ezartzeko tokia «ez da kasualitatez aukeratu». Izan ere, Papelera erakinaren garrantzia nabarmentzeko aukera bat izango da, eta udal-babesa duten beste ekimen garrantzitsu batzuekin batera egingo da. Besteak beste, AS FABRIK egongo da Beta 2 eraikinean, non Europako laguntzarekin eta Mondragon Unibertsitatearen laguntzarekin 4.0 industriarako eta ekonomia digitalerako zerbitzu aurreratuetako ekintzailetza, prestakuntza eta enpresa uztartuko diren. Ekimen hau datorren urtetik aurrera egingo da, torlojuen fabrika zaharra zaharberritu eta gero.

Bestalde, DIGIPEN bideojokoen unibertsitatea ere bertan izango da irailetik aurrera, alboan dagoen Beta 1 izeneko eraikinean. TKNIKA Lanbide Heziketako erreferentziazko zentroaren egoitza ere Cadenas Vicinay enpresaren eraikin zaharrean ezarriko da Eusko Jaurlaritzaren bitartez.

Kunsthal zentroaren ekimenak, Bilboko Udalaren babesa edukitzeaz gain, Europako laguntza ere badu, DUSI funtsen bitartez, baina baita BBKren eta Seed Capital delakoaren finantzaketa ere.