NAIZ
IRUÑEA

Altsasuko gazteen aurkako epaia salatu dute eragile desberdinek

«Eskandalua» edota «desproportzioa» bezalako hitzak erabili dituzte eragile desberdinek Auzitegi Nazional espainolak Altsasuko gazteei ezarritako espetxe zigorrak, bi eta hamahiru urte bitartekoak, baloratzeko orduan.

Ohar baten bidez, Nafarroako EH Bilduk salatu du Auzitegi Nazionalak, «salbuespenko epaitegiak», Altsasuko auzian eman duen ebazpenarekin beste behin agerian utzi duela «jatorritik duen funtzio errepresioboa».

Gazteei eta senideei elkartasuna adieraztearekin batera, koalizioak azpimarratu du «terrorismo deliturik egon ez arren», auzitegiak «zigorraren astungarri moduan ezarri duela auziperatuek Guardia Zibilaren kontra zuten mespretxua. Horrela, berriz ere argi geratu da Auzitegi Nazionalaren kutsu eta helburu politikoa».

EH Bilduk egin duen bezalaxe, Sortuk «eskandaluzko sententzia hau» salatzeko eta zigortutakoei zein haien gertukoei elkartasuna adierazteko kalera ateratzeko beharra nabarmendu du.

«Gisa honetako erabaki asaldagarriek agerian uzten dute erregimen postfrankista honetan ez dagoela demokraziarik, ez botere banaketarik, ez justiziarik, gerra-gosea baizik. Trikorniodun epaileak dauden artean, hemen ez dago bizikidetza egonkorrik eta bake iraunkorrik eraikitzerik», adierazi du ezker abertzaleko alderdiak.

Geroa Baik gogor kritikatu du epaiaren «desproportzioa». Altsasuko alkate ohi eta Geroa Baiko parlamentario den Unai Hualdek esan du «ez dagoela eskubiderik» eta auzi honen ingurukoak «instantzia guztietan» salatzen jarraituko dutela.

Altsasuko gazteen familiek erakutsitako jarrera «eredugarria» ere txalotu du Hualdek.

Nafarroako Ahal Duguren izenean, Eduardo Santos idazkari nagusiak positibotzat jo du gertatutakoa terrorismotzat hartu ez izana, baina hala ere epaia «oso gogorra» dela salatu du.

Zigorrak «erabat desproportzionatuak» direla esan du.

Ernai gazte antolakundearen iritziz, «espainiar erregimen faxistak agerian utzi du, beste behin, Euskal Herria eta euskal gazteriaren aurkako gerra estrategian tinko jarraitzen duela».

«Gazte guztiok epaitu eta zigortzen gaitu sententzia honek», arbuiatu du.

«Kriminalizazio eta espetxeratzeek argi erakusten dute –gazte antolakundearen esanetan– erregimen espainiarrak gisa honetako sententziei esker irauten duela. Zatikatuta eta erortzen dagoen erregimenak herri bezala epaitu eta zigortzen gaitu».

Horregatik, euskal gazteriari dei egin diote kalera atera eta «salaketa irmoa» egitera.

Beste ohar batean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak esan du beraien ustez «auzi hau politikoa zela» eta gaineratu du «gure herriaren etsaiek inoiz ez dute zalantzarik izaten zigor politikoak ezartzeko». Altsasuko gazteen askatasuna eskatzeko kanpainaren inguruan eman den «despolitizazioa» ere kritikatu dute.