naiz
Covasna

Hizkuntza Eskubideen Protokoloa aurkeztu du Kontseiluak Transilvanian

Paul Bilbao, Kontseiluko idazkariak, Europako Kontseiluko Tokiko eta Erregioko Politiken Kongresuan parte hartu du eta Hizkuntza Eskubideen Protokoloa aurkeztu du. «Hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak definitzeko oso garrantzitsua da botere publikoak eta gizarte eragileak elkarrekin joatea», defendatu du.

Paul Bilbao, Kontseiluko idazkariak, Europako Kontseiluko Tokiko eta Erregioko Politiken Kongresuan parte hartu du. (Kontseilua)
Paul Bilbao, Kontseiluko idazkariak, Europako Kontseiluko Tokiko eta Erregioko Politiken Kongresuan parte hartu du. (Kontseilua)

Europako Kontseiluko Tokiko eta Erregioko Politiken Kongresuak Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao gonbidatu du Covasnan egindako biltzarrera. Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunak hogei urte bete duela probestuz, tokiko eta eskualdeetako hizkuntza-politikak izan ditu hizpide urteko biltzarrean. Bilbaok gizarte zibilaren ikuspegia partekatzeko gonbidatu dute antolatzaileek: «Uste dut oso garrantzitsua dela Europako Kontseiluak gure erakundea gonbidatzea gizarte zibilaren iritzia agertzeko, eta hori Hizkuntza Eskubideen Protokoloak nazioartean lortutako dimentsioari esker izan da» azaldu du Bilbaok.

Protokoloa Europan «inoizko adostasun sozialik handiena» duen proposamen politikoa dela nabarmendu du, baina urrats berriak egin behar direla. «Gogoratu nahiko nuke, duela gutxi Protokoloaren Euskal Herriko Garapena aurkeztu genuela San Telmo Museoan, hain zuzen ere, Protokoloa euskararen betaurrekoekin irakurtzeko eta etorkizuneko estrategiak definitzeko dokumentu oso baliagarria da» azaldu du.

Bilbaok gizarte zibilaren eta botere publikoen arteko harremanak nolakoak beharko liratekeen proposatu du eta horretarako hau tresna «ezin egokiagoa» dela azaldu die bertaratu diren adituei: «Finean, hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak definitzeko oso garrantzitsua da botere publikoak eta gizarte eragileak elkarrekin joatea, eta bide-orria elkarrekin definitzea. Beti esan izan dugu hizkuntza baten normalizazio-prozesua soziala eta politikoa dela». aipatu du Kontseiluko ordezkariak.