gara, donostia
Entrevue
ASEL LUZARRAGA
IDAZLEA

«Kapitalismoarentzat euskal estatu bat errentagarria bada, edukiko dugu; baina ez da ezer aldatuko»

Anarkistatzat du bere burua Luzarragak eta pentsamendu horren kontrapuntua eraiki du «Bioklik» (Elkar) eleberrian: informazio manipulatuaren eta psikofarmakoen eraginpean, kontrol sozial betean bizi den gizartea. Zientzia fikzioa da, orainaldia begiak estalita bizi duenarentzat.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Biodemokrazia da nagusi 2044ko Euskal Herrian. Pantailaz inguratuta bizi dira herritarrak. Biometriak kontrol soziala muturrera eramatea ahalbidetu du baina, hiritarrek, sakelakoen bidez une oro eta edozeren gainean ematen dituzten botoek erabakitzeko guztizko ahalmena ematen dietela eta, beraz, demokrazia betean bizi direla sentitzen dute. Gakoa, beste hainbatetan bezala, erabaki horiek hartzeko ematen zaien informazioaren egiazkotasunean dago: informazioa ezkutatu, faltsutu edota eraikitzea da iritzi publikoa eratzeko baliabide nagusia.

Eleberrian, nolabait, etorkizunaz duzun ikuspegia ematen duzu. Zerk eraman zintuen «Bioklik» idaztera?

Lehenengo ideia 2007an etorri zen, “Gran Hermano” eta halako programetatik: pertsona batzuk geneuzkan beti bistan, jendeak botoa ematen zuen horiek kanporatzeko... Zenbait gauza zabaltzen direnean, horren atzean zer ote dagoen pentsatzen dut, zertara ohitu nahi gaituzten. Telebista gu hezteko erabiltzen baitute. Bestetik, Huxleyren “Mundu berria” eta Orwellen “1984” neuzkan buruan, eta pentsatu nuen etorkizunera salto egitea, horrelako telebista ereduaren bidez gobernatzen den gizarte batera. Pentsatuta, gainera, egungo teknologiek gero eta posibleago egiten dute halako sistema bat.

Pantailek, baina, errealitate distortsionatua ematen dute. Errealitatea sortu egiten dute.

Bai, informazioaren gizartean gaudela esaten da, baina errealitatea ematen zaigun informazio horretatik eraikitzen dugu eta, azkenean, informazio hori ere eraikia da. Komunikabideek errealitatea eraiki egiten dute. Eleberrian, biopantailen bidez norbere ikuspuntura moldatutako informazioa jasotzen da, eta gerora ikusi dut Facebookek hori bera egiten duela: zuk sortzen duzu komunitate bat, zure lagunekin eta abar, eta errepikatzen diren albisteak zure ildo ideologikokoak dira. Facebookek mikroghettoak sortzen ditu, eroso eta seguru sentitzen garen esparruak, non badirudien aniztasun ideologiko handia dagoela eta zu bezala pentsatzen duen jende asko dagoela eta, horrek, azkenean, borrokatzeko indarra kentzen digu. Askatasuna sentitzen duzu, zure ideiak konpartitu ditzakezula, eta horrekin ja zerbait egiten ari zarela.

Zer litzateke biodemokrazia?

“Demokraziaren gradu gorena” diot eleberrian. “Bio” hori biometriatik (gure ezaugarri fisikoen bidez nor garen ezagutzen duen teknologia) hartu nuen: sistema hori guztiz zabaldua dago eta edozein biogailu gai da aurrean dagoen pertsona nor den ezagutzeko. Eta haren biofitxa du, bere datu guztiekin. Biogailuen bidez, edozein gauzari buruzko biobotoa eman daiteke. Itxura batean sistema aske eta demokratikoa da eta sentipena da gizartea guk eraikitzen dugula. Nik pentsatzen dut kontrolerako tresnarik eraginkorrena dela jendeari sinetsaraztea bere borondatez eta berak hautatuta egiten dituela gauzak, eta hori bermatzen du biodemokraziak. Demokrazia baino, demokrazia sentipena da. Eta, nire ustez, gaurko gizartearen isla: lantzean behin uzten digute papeleta bat kutxa batean sartzen, baina guk benetan ez dugu ezer hautatzen; ilusio bat da, horren atzean gobernu bat dagoelako eta hautatzera ematen zaiguna erabakita dago aurretik.

Kontrol hori ziurtatzeko bi lanabes ageri dira liburuan: batetik aipatu dituzun pantailak, eta droga legalak bestetik.

Bai, kontua da aspalditik dabilela sistema oreka puntu hori bilatu nahian. Badaude legez kontrakotzat jotzen diren drogak, baina merkatuan legezko droga piloa daude, errezetatzen direnak, legez kontrakoak bezain suntsigarriak; egun, haurrei anfetaminak errezetatzen zaizkie klasean ondo portatu eta errendimendu ona edukitzeko. Ez da kasualitatea gizarte honetan, non emakume emantzipatu eta ahaldunduak erakusten zaizkigun, emakumeak izatea mafia farmazeutikoen bezerorik kutunenak. Gizarte eredu hau jasanezina da drogatzen ez bagara eta, aldi berean, droga gu manipulatu eta kontrolatzeko bide oso eraginkorra da. 80ko hamarkadan argi ikusi zen hori. Droga beti lotu izan zaio diskurtso matxino, alternatibo bati, baina hori iruzur handi bat da: gu kontrolatzeko modua ere bada egiten duguna apurtzailea dela sinetsaraztea.

Zuk irudikatutako 2044. urte horretan badaude aldatu ez diren gauzak. Matxismoa, adibidez. Hori aldatuko den sentipenik ez duzu, beraz.

Ba uste dut oso zaila izango dela, egun feminismoaren mozorropean askotan balio matxistak zabaltzen direlako. Patriarkatuaren funtsa hierarkia da eta, egun, egiten ari dena da emakumeak hezi lehen gizonok hezi gaituzten bezala, emakumeak gure kopia izateko, balio matxistetan hezi eta horiek barneratzeko. Emakumeen kontsumorako matxismo bat dago, eta uste dut matxismo hori nekez desagertuko dela, lehenik eta behin harreman hierarkiko guztiak apurtzen ez baditugu.

Euskara bai, mantentzen da. 2044an denek dakite euskaraz.

Bai, hori da agian utopiarik handiena (barreak). Tira, 2044rako belaunaldi gehienak D edo gutxienez B eredutik pasako direla pentsatuz, uste dut izango direla gai beharrezkoa izanez gero euskaraz hitz egiteko. Edo, agian, hori pentsatu nahi dut... zeozertan baikor izan behar nuen! (barreak). Horrekin erakutsi nahi nuen sistema prest egon daitekeela zokoratu dituen gauza batzuei eusteko, ekonomikoki errentagarria izan badaiteke. Kapitalismoarentzat euskal estatu bat errentagarria bada, edukiko dugu. Baina ez da ezer aldatuko. Gure harremanak hierarkikoak eta balio ekonomikoek gidatuak badira, zertarako balio digu euskaraz egiteak edo beste ezerk? Zer nahi dugu, eusko labeldun kapitalismo bat? Ba, nik behintzat ez.

Bilbo post-turistiko eta berrindustrial batean girotu duzu eleberria.

Piloa disfrutatu dut etorkizuneko Bilboko kaleetan ibiltzen, giroa erakusten eta dena kontrolpean dagoen gizarte bioteknologikoan ere sistemari zirrikituak uztea komeni zaiola erakusten. Gustatzen zitzaidan imajinatzea gure moda turistiko hau pasata, bigarren industrializazio batera itzultzea eta kontzeptu eta joera ekonomiko batzuekin jokatzea, ikusteko zelan enpresa batzuek aurrera egin duten zuzentzeko estilo horizontalagoak zabalduz eta langileek zuzendaritzan parte hartuz, eta zelan azkenean kapitalismoa eta sistema gai diren gure diskurtso guztiak xurgatzeko eta bere engranajeen barruan sartzeko, guk produzitzen jarrai dezagun.

Noemi, alaba gaztea, da horren guztiaren kontrapuntua, inguruan duen errealitate faltsutuaz ohartzen den bakarra.

Naomi da pertsonaia interesgarrienetako bat. Itxaropena da, etorkizuna, gazteena da eta sen matxinoa du. Interesgarria da nerabea delako, oraindik topatu ez duen bide baten bila dabilelako eta bere kontraesanak dituelako. Langileriaren alde dago eta feminista da, baina enpresa handi bateko zuzendari den bere ama feminismoaren aldetik defendatu behar duenean eta aldi berean langileen alde egin nahi duenean, zer edo zerk talka egiten dio eta ez daki nondik irten. Bide horrek eramaten du talotegiarekin topo egitera: Naomi gaztetasuna da eta han bada pertsona bat eskarmentu handikoa, sistematik kanpo bizi dena: itxaropen hori nahi nuen, edozein sistematan egongo delako beti ihes egingo duen baten bat.

Espetxeak ere bereziak dira: batetik hiri-kartzelak direlako, eta bigarrenik mailakatze sistemagatik.

Biztanleria presoa esponentzialki ari da hazten; lehen kartzelak zirenak makrokartzelak dira orain, eta badaude guztiz pribatuak direnak ere. Halakoetan, ordaindu egiten duzu erosotasun batzuk edukitzeko. Erakutsi nahi nuen agintzen duten aberatsek egiten dituztela legeak, langileek bete ditzaten egiten dituztela eta zoritxar handi batengatik aberats bat kartzelatzen denean, harentzat kartzela ez dela pobrearentzat den leku bera izango.

Hausnarketa ugariko eleberria da. Irakurleak oso gogoan izan dituzu idazketa prozesuan?

Bai. Nire literaturan beti dago zatitxo bat saiakeratik. Morala, nortasunaren eraikuntza, gizarte kontrola... lehen nobelatik eduki ditut gogoan eta nire asmoa bada irakurlea deseroso sentiaraztea, zenbait gauza birplanteatzea eta gure ziurtasun batzuk arrakalatzea. Eta, askotan, baita neure buruaren kontra idaztea ere, neure buruari hainbat gauza gogorarazteko eta ni neu ere deseroso sentitzeko. Baina, aldi berean, badakit pertsona batzuk deseroso sentitzen direla gehiegi pentsatu behar badute eta, orduan, saiatzen naiz entretenigarri egiten, azaletik pasa nahi duenari aukera hori ematen. Eta, bidean zerbait geratzen bazaio, hobeto (barreak). Liburu honetan zailagoa da ihes egitea, sistemaren tripak erakusteko asmatutako bibliografia dagoelako, sistemak bere burua nola zuritzen duen erakusteko diskurtso apologista. Uste baitut unibertsitatea dela sistema erreproduzitzeko tresna eraginkorrenetako bat, hezkuntza.

Niretzat oso garrantzitsua da etorkizun hori iritsi aurretik guk horretaz pentsatzea eta, batez ere, etorkizun horretara ez iristeko martxan jartzea.

Badago aipatzen duzun horren guztiaren kontzientziarik?

Uste dut pertsona askok badutela, baina aldi berean nahiko etsita daudela, hau da, sentipena dutela ezin dugula ihes egin. Beste batzuei, kontzientzia izan arren, erosoa egiten zaie: erabakiak eta erantzukizunak beste inoren esku uztea oso erosoa izan daiteke. Eta, gainera, gu munduaren ipar partean bizi gara, hau da, ez gara miserian bizi, sistema honen aurpegi politena ezagutzen dugu. Ohartu arren, askok nahiago dute hala izatea, alde onean jaiotzea tokatu zaielako.

Zer da pertsona biodemokraziarentzat?

Produktore-kontsumitzaile bat. Egun, hori baino ez gara: beste batzuentzat produzitzen eta kontsumitzen dugun pertsonak, ze beste batzuk gure kontsumotik elikatzen dira, hori da kapitalismoaren funtsa: batzuek gure ekoizpen eta kontsumoari etekina ateratzea. Oraindik, askotan pentsatzen dugu gure soldatetan egiten dugun lana ordaintzen zaigula eta hori ez da inoiz horrela izan. Ni ez naiz marxista, anarkista naiz, baina uste dut oso ahaztua dugula Marxen “Kapitala”: kapitalismoaren oinarria ordaindu gabeko lana da. Kapitalak ordaintzen digu bakar-bakarrik gure mantenurako, ez egiten dugun lanagatik. Erreprodukzio lana da kapitalak ordaintzen duen lan bakarra.

 

«Familia eta kuadrilla dira geratzen zaizkigun azken mikrokomunitateak, eta horiek suntsitze bidean gaude»

Familia bat da protagonista. Etxe berean bizi arren pantaila bidezko harremana duena. Elkar ukitzen ez duena.

Familia eredu tradizional hori galzorian dago. Gizarte gero eta bakarti eta isolatuagoan bizi gara eta gure harremanak gero eta mediatizatuagoak daude: lagunekin gehiago hitz egiten dugu gailuen bidez zuzenean baino. Hori muturrera eraman eta erakutsi nahi nuen etxe barruan hitz egiteko ere erosoagoa zaiela pantaila. Horretara goaz.

Komunitate loturak apurtzen direnean gertatzen zaizkigun azken mikrokomunitateak familia eta kuadrilla dira, eta egon seguru bidean gaudela biak suntsitzeko. Kuadrilla lanean hasten garenean sakabanatzen da eta komeriak ditugu lantzean behin bazkari bat egiteko ere. Eta, komunitatea desegiten denean, gure gainetik dagoen entea, estatua, zerbitzu publikoak behar ditugu. Hitz egiteko inor ez dugunean, psikologoarengana goaz. Lehen naturalak ziren harremanak lanbideen bitartez egindako harremanak izatera goaz, hau da, harreman kontratatuak, ordainduak, profesionalen bidezkoak. Nik hori Japonian ikusi nuen lehen aldiz: lagun bat bisitatzera joan nintzen eta berak han ez zuen lagunik, eta ordutegiengatik emaztearekin soilik bi orduz egoten zen egunero, ohean, gauez.... Azkenean, sistemarentzat, ekonomia kapitalistarentzat, balio ekonomiko bilakatu ezin denak ez du baliorik eta, orduan, gure familietan balio ekonomikorik ez badago, ez zaio interesatzen. Haur bat hezteko denborak edo janaria prestatzekoak ez badio inori baliorik sortzen, ez zaio interesatzen eta, orduan, hobe da guk janaria egina jasotzea eta gure umeak hezteko norbait kontratatzea.

Eleberrian, zuzenean, estatuaren esku uzten dira haurrak: guraso izatea profesionalizatua dago, ofizio bat da.

Hori da. Orain gero eta gehiago eskatzen dira 0 urtetik aurrerako haurtzaindegiak. Haurrak estatuaren esku uzten dira. Maitasunean edo afektibitatean oinarritutako harremanak desagertze bidean daude. Hori da nik ikusten dudana. Baina uste dut garaiz gaudela hori aldatzeko.A.A.