naiz
iruñea

Hizkuntza politiken gaineko injustiziak gainditzeko neurriak aldarrikatu ditu Behatokiak

2017ko txostenaren aurkezpena egin du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Euskal Herriko eremu administratibo guztietako zerbitzu publikoetan zein pribatuetan, nahiz kontsumitzaile moduan, idatziz nahiz ahoz, «hutsune handiak» aurkitu dituzte eta neurriak eskatu.

Kontseiluak 2017 urteari dagokion txostena aurkeztu du Iruñean. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Kontseiluak 2017 urteari dagokion txostena aurkeztu du Iruñean. (Idoia ZABALETA / FOKU)

«Hizkuntza eskubideen urraketa kroniko bihur ez dadin» botere publikoek «injustiziak gainditzeko politikak» egin behar dituztela defendatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. 2017ko txostenaren aurkezpena egin du Iruñean. Arantza Haranburuk eta Edurne Arrizibitak eman dute ‘Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2017an’ lanaren berri. «Euskaldunontzat eroso sentitzeko guneak sortu beharra» aldarrikatu dute, «euskaraz osoki bizitzeko bidean emateko urrats gisa».

Bide horretan, iaz, administrazioetan kontratazio politiketan erroko aldaketa eskatu zuen Behatokiak. Txostena, herritarrek Euskararen Telefonoaren bitartez eta Akuilari aplikazioaren bitartez Behatokiari helarazten dizkioten bizipenekin osatu da, izan kexa edo zoriona.

«Euskaraz bizi nahi duten herritarren bizipenak dira hizkuntza eskubideen egoeraren neurgailurik egokiena», adierazi du Haranburuk. «Urtez urte errepikatzen ari garena errepikatu beharrean gaude gaur ere. Euskal Herriko eremu administratibo guztietako zerbitzu publikoetan zein pribatuetan, nahiz kontsumitzaile moduan, idatziz nahiz ahoz, «hutsune handiak» aurkitu dituzte 2017. urtean euskaraz bizi nahi duten herritarrek», gehitu du.

«Mina, ezinegona, haserrea eta sumindura gisako sentimenduak oso ezagun dituzte Behatokira jotzen duten herritarrek», azaldu dute.

Iazko txostenaren aurkezpenean, langile publikoen kontratazio irizpideak aldatu beharra jarri zuen mahai gainean Behatokiak eta puntu beltz gisa markatu zuen arlo hori. Bada, ildo beretik doa aurtengoa ere. «Administrazioek ezin dute herritar guztien aukera berdintasuna bermatu artatzen duen langileak administratuak hautatutako hizkuntza ez badaki». Egoera «kroniko» bihurtzen ari da Behatokiaren ustez eta bestelako hizkuntza politikak egiteko beharra mahai gainean jarri du.

Nafarroako egoerari bereziki erreparatu diote Iruñeko aurkezpenean. «Nafarroako herritarren aldetik jasotako kexetatik askok agerian utzi dute Euskararen Lege berria behar dela. Zonifikazioak herritarren desberdinkeria sortzen du eta hori gainditu beharra dago. Gainera, hainbat kexa hartzailek lege urraketarik ez egitea argudiatzen dute, egungo legediari erreparatuz», azaldu du.