NAIZ
DONOSTIA

Euskal Herriko eta Kataluniako aurpegi ezagunak ere izango dira giza katean

Gure Esku Dagok antolatuta, igandean, hilak 10, Donostia eta Gasteiz batuko dituen giza katean parte hartuko duten milaka herritarren artean Euskal Herriko zein Kataluniako aurpegi ezagunak ere badaude, politika, kultura edota komunikazioaren arlokoak. 

Igandean osatuko den 200 kilometro baino gehiagoko giza katerako izen emateek goraka segitzen duten bitartean, gero eta xehetasun gehiago ezagutzera ematen ari da Gure Esku Dago. 

Asteazken honetan, Euskal Herriko zein Kataluniako zenbait aurpegi ezagunetako batzuek giza katean hartuko duten lekuaren berri eman dute.

Kataluniatik etorriko direnen artean, Gabriel Rufian ERCko diputatua lehen kilometroan egongo da, Donostian. Mireia Boya (CUP), Ignasi Termes (Òmnium Cultural) eta Elisenda Paluzie (ANCko lehendakaria), 122. kilometroan egongo dira, Bilboko Eliptika plaza ondoan.

Kataluniari babesa adierazteko kilometro bat izango du giza kateak, Gure Esku Dagok jakinarazi zuenez.

Euskal Herriari dagokionez, arlo desberdinetako pertsona ezagunak izango dira. Politikagintzatik, esaterako, EH Bilduk ordezkaritza zabala bidaliko du: Arnaldo Otegi (66. km), Marian Beitialarrangoitia (16. km), Pello Urizar (182. km), Maddalen Iriarte (202 km.), Miren Larrion (202 km.), Oskar Matute (118. km). Sortuko idazkari nagusia, Arkaitz Rodriguez, 2. kilometroan egongo da, Donostian.

EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko kideak ere Donostian egongo dira, 3. kilometroan. Euskadi Buru Batzarreko presidenteak ere, Andoni Ortuzarrek, parte hartuko duela baieztatu zuen.

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Pili Zabala 26. kilometroan egongo da, Zarautzen.

Horrez gain, musika munduko aurpegi ezagunetako batzuk non kokatuko diren ere jakinarazi dute, esaterako, 156. kilometroan egongo den Zuriñe Hidalgo edo 124. kilometroan egongo diren La Basu eta Aneguria, giza katearen bideoklipean protagonista direnak.

Beste batzuk ere badaude: Jesus Uzkudun CCOOko buruzagi ohia (18. km), Kike Amonarriz eta Julen Telleria aurkezleak (62 eta 64. km), Xabier Euzkitze kazetaria (26. km) edo Antxon Lafont (26. km).