Euskararen aurkako hizkuntza urraketek bihotzeko mina eragiten dute
Edukirik gabeko ofizialtasuna eta hizkuntza-eskubideen urraketa kronifikatua atzeman ditu Behatokiak 2017ko txostenean. Osasungintza, justizia, hezkuntza, zerbitzuak… ez da arlo bakarra salbatzen. Egoerarekin akabatzeko gune babestuak eskatu ditu.
Abuztua zen eta emazteak senarra lagundu zuen Galdakaoko larrialdi zerbitzuetara. Zain egon ziren denbora tarte guztian bozgorailu bidez eman ziren abisuak gaztelera hutsean egin ziren. Bakar bat ere ez zen euskaraz edo ele bitan egin. Behatokian kexa azaldu zuen emakumeak hitz gutxitan ondo deskribatu zuen euskal hiztun askok egunerokoan pairatzen duten egoera baztertzailea. «Gerriko minez joan ginen eta bihotzeko minez itzuli ginen etxera Galdakaoko ospitalean euskarari ematen dioten lekua zein den ikusita».
Behatokiak atzo aurkeztu zuen Iruñean “Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2017an” txostena. Arantza Haranburu eta Edurne Arrizibitak ohartarazi zutenez, hizkuntza-eskubideak sistemaren muinean kokatu ez izanak ajeak ekarri ditu. Bereziki bi: edukirik gabeko ofizialtasuna eta hizkuntza-eskubideen urraketa kronifikatua. Euskara hizkuntza subsidiario izatera kondenatua dute administrazioek, tokikoek, foralek zein erkidegokoek. «Zer esanik ez Estatukoek».
Neurri «eraginkorrak» bideratzeko lidergo falta handia sumatzen dute eta, beste behin, «herri-gogo sendo» bati esker gelditu dira agerian gabeziak. «Horri esker etorri dira, gehienetan, beranduegi, euskarari lekua egiteko erabakiak».
Osasungintza, kexa iturburu
Beste behin ere, osasungintza izan da herritarren artean arrangura handiena eragin duen arloetako bat. «Atzo hiru urteko umea buruan ebakiagaz Durangoko larrialdietara joan ginen. ‘¿Esta niña sólo sabe euskara? Pues tenemos un problema’», esan zion medikuak Behatokian kexa aurkeztu zuen emakumeari.
Era berean, txostenak jasotzen duenez, familia-medikua, pediatra edo espezialista euskalduna egokitu zaien kasuetan, horien ordezkapenak egiteko orduan euskaldunak aurkitzeko zailtasunak «handiak» izaten jarraitzen dute.
Esan beharra dago, bestalde, langileak euskaldunak izanik ere, maiz gaztelaniaz lan egitera behartuta daudela programa informatikoak, tresnak eta mota askotako bitartekoak ez daudelako euskaraz. Sistemak berak ez ditu eskubideak babesten. Eta larria da.
Justizia arloa ez dago osasuntsuago euskal hiztunentzat. Izan ere, «euskararen lurralde osoan oraino ezinezkoa da auzialdi bat hasieratik bukaerara euskaraz egitea», salatu dute. Ez dago «inolako erraztasunik» euskaraz aritzeko Justizia Administrazioan eta euskaraz jardun nahi den kasuetan, gaztelaniaz egin nahi den kasuetan ez bezala, aurretiaz jakinarazi behar zaio epaitegiari euskaraz jarduteko asmoa dagoela. Epaitegiek automatikoki itzultzailearen bidez jardutera behartzen dute herritarra.
Kasu erreal batek hala dio txostenean: «Nire txanda iritsi denean euskaraz deklaratu nahi dudala jakinarazi dut eta epaileak aretotik ateratzeko agindu dit itzultzailea etorri bitartean. 15 minutura iritsi da itzultzailea, baina ordurako epaileak beste epaiketa bati ekin dio. Hori aski ez, eta bigarren epaiketa bat ere sartu du tartean, itzultzailea bertan zen arren. Bi ordu egon behar izan dut zain deklaratzera sartu aurretik». Bizkaiko Probintzia Auzitegian gertatu zen hau.
Egoera honek eskubide urraketak ekartzeaz gain, ziurgabetasuna ere badakar; izan ere, ikerketaren egileek ohartarazten dutenez, «epaileak deklarazioa itzultzaile baten bitartez jasotzen duenean aukera handia dago bidean informazioa galtzeko eta horrek herritarra urduritzeaz aparte bere defentsa eskubidea ere kaltetu egiten du».
Estrategia, epeak eta aurrekontua
Ondorio argiak atera ditu Behatokiak. Hasteko, euskaraz bizi nahi izatea ez dela apeta gogorarazi du. Hizkuntza-politika euskal hiztunen parametroetatik egiten hasteko ordua dela uste du; euskara askatasun eta «berme osoz» erabiltzea ahalbidetuko duten babesguneak sortuz eta, zerbitzu hizkuntza ez ezik, lan hizkuntza izango duten guneak eraikiz.
Eskatzen duen estrategia ez da nolanahikoa, Behatokiaren iritziz, tamainako aurrekontua hitzemateaz aparte, helburuak eta epe zehatzak ezarri behar dira. Eta arreta jartzen dute ardura-postuak dituzten pertsonengan: euskarazko zirkuituek beren funtzioa beteko dutela bermatu behar dute. «Sarri askotan –adierazi zuten–, arduradunen hizkuntza-gaitasunik eza izan ohi da lana edo zerbitzua euskaraz bermatzeko oztopo nagusia». Hala, agintari politikoei ere euskara maila ona exijitzen zaie. Honetan ere kontraesan mordoa eta mingarriak jazotzen baitira. Leitzako euskal hiztun bati gertatu zitzaion bezala, banketxe bateko erakusleihoan gazteleraz soilik «hablamos tu idioma» zioen iragarkia irakurtzean UEMAko udalerri batean, gainera. «Kontraesan polita» jaso zuen ironiaz…