Maite UBIRIA BEAUMONT
BIARRITZ

Migrazio lege berriari ezezko argia ematera deitu du Cimadek Biarritzen

Max Brisson senatari eskuindarraren egoitzaren aitzinean eginiko elkarretaratzean, legeak eskubide urraketa ekarriko duela oroitarazi du elkarteak, adin txikikoen egoera larria nabarmenduz.

Asanblea Nazionalean onespena lortu ondoren, frantziar Senatuari dagokio asilo eskubidea are gehiago murriztuko duen migrazio lege berria aztertzea. Atzo abiatu zen, hain justu, eztabaida Senatuan eta hori dela-eta protesta ekimena egin zuen Cimade elkarteak Biarritzen.

Asanblea Nazionalean ez bezala, bigarren ganberan eskuinak Macronen mugimenduak baino pisua handiagoa dauka. Ondorioz, legea malgutu baino emendakinen bidez are zorrotzagoa bilakatzeko aukera handia da. Horren aurka protestatzeko, senatarien egoitzen aurrean elkarretaratzeak antolatu zituen, atzo, migranteak laguntzen dituen Cimadek. Euskal Herrian, Biarritzeko Irati eremuan antolatu zuen elkarretaratzea, bertan baitu bere bizileku iraunkorra Max Brisson senatari eskuindarrak.

Cimadek Baionan duen bulegoko presidente Helene Ducarrek senatariaren laguntzaile Michel Sanfauteri azalpen hau eman zion: «Ekimen sinboliko honen bidez senatariei lege berriari ezezko borobila eman diezaiotela eskatu nahi diegu». Brissonen laguntzaileak ez zuen argitu atzo Parisen zegoen hautetsiak legeari baiezkoa edo ezezkoa emanen dion. Horren ordez, elkarteko lagunei «ahal den eta azkarren» berarekin bilkura bat eskatzeko proposatu zien.

Lege berriaren epeak

Ehunka elkarteren sostenguz jarri da martxan kanpaina, Estatu frantsesean migrazio legearen erreformak ekarriko dituen eskubideen murrizketen gainean jendea sentsibilizatzeko. Biarritzen eginiko mobilizazioan, esaterako, hamabost bat elkarte eta ordezkariren sostenguz osaturiko Etorkinekin sareko kideak izan ziren.

Ducarrek azaldu zuenez, lege berriak zeharo murriztuko du asilo eskaera egiteko epea, eta ondorioz «ia ezinezkoa» bilakatuko dela babesa lortzea. Orain arte asilo eskatzaileak hilabete izaten zuen prozedura abian jartzeko. Lege berriak dosierra aurkezteko epea hamabost egunera mugatuko du.

Bestalde, atxilotzen dituzten migranteei ezartzen zaien erretentzio epea luzatuko da. Orain arte gehienez 45 egunez atxiki ahal zituzten herritar hauek. Alta, Senatuak legea onartuz gero, 90 egunez izan ditzakete «preso». Era berean pertsona hauen egoerari begira erabakigarria den auzia bideokonferentzia bidez egitea aurreikusten du legeak, «zailtasun berria gehituz haientzat zinez ulergaitza den prozedurari».

Euskal Herrian 300 bat migrante hurbiltzen dira urtero Cimadek dituen bulegoetara. Alta, Ducarrek onartu zuenez, «etorkinen lagin tipi bat baizik ez dator guregana, Hendaiako atxikitze zentroa (CRA delakoa) edo edozein polizia-etxe bisitatzea nahikoa da arazoaren benetako tamainaz jabetzeko».