NAIZ
GASTEIZ

Araba Euskaraz «mugarri» izan dadin, hilaren 17an Argantzonera joateko deia egin dute

Hilaren 17an ospatuko da Araba Euskaraz jaialdia, Argantzon ikastolaren alde. Aurtengo ekitaldia «mugarri» izatea nahi dute, orain arteko haur hezkuntzaren eskaintzari lehen hezkuntzarena gehituko baitzaio datorren ikasturtetik aurrera.

Saioa Urizar eta Xabier Arrieta, Araba Euskarazen egitarauaren aurkezpenean. (Juanan RUIZ/FOKU)
Saioa Urizar eta Xabier Arrieta, Araba Euskarazen egitarauaren aurkezpenean. (Juanan RUIZ/FOKU)

‘Irrikitan’ lelopean ospatuko da aurten Arabako ikastolen jaia, Trebiñun, Argantzonen. 1981etik egiten den legez, ekaineko hirugarren asteburuan iritsiko da festa, hilaren 17an, beraz. 

Hirugarrenez hartuko du Trebiñuk Araba Euskaraz eta edizio hau mugarri izatea nahi dute, Xabier Arrietak eta Saioa Urizarrek egitarauaren aurkezpenean azaldu dutenez. Izan ere, orain arte haur hezkuntza bakarrik eskaini ahal izan dute eta datorren ikasturtetik aurrera ikastola handituko dute, lehen hezkuntza ere eskainiz. Ikastola txikia izanik, Argantzon ondoan dagoen Manzanos edo Sagastietan emango diete haur hezkuntzako ikasleei jarraitzeko aukera. 

Lan horretarako laguntza ezinbestekoa dutela azpimarratu dute antolatzaileek eta, hortaz, Euskal Herriko euskaltzaleei dei egin diete. «Argantzongo ikastolaren proiektua sendotzeko zuon babesa behar dugu, etor zaizte ekainaren 17an Trebiñura, Argantzonera». 

Egun osoan ez da egitekorik eta ikustekorik faltako: dantza, antzerkia, bertsoak, kontzertuak, puzgarriak, txarangak…

Gainera, gune guztietan jatekoak egongo dira. Berrikuntza bezala azaldu dute Gasteiztik Argantzonera joateko tren bereziak egongo direla, bost euroren truke joan-etorri erosoa ziurtatu asmoz. Gasteiztik Argantzonera 10.00etan eta 11.15ean izango dira trenak, eta buelta 17.00etan eta 17.15etan.