NAIZ
IRUÑEA

1936ko altxamendu faxistaren bi biktimaren gorpuzkiak errekuperatu dituzte Artazun

Nafarroako Gobernuak 1936ko kolpe faxistaren biktima izan ziren beste bi lagunen gorpuzkiak errekuperatu ditu Artazun, Aranzadi Zientzia Elkartearekin daukan hitzarmenaren baitan. Dagoeneko 68 lagunen gorpuzkiak atera dituzte lurpetik legealdi honetan.

Aranzadiko teknikariak, gorpuzkiak lurpetik ateratzen Artazun. (NAFARROAKO GOBERNUA)
Aranzadiko teknikariak, gorpuzkiak lurpetik ateratzen Artazun. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Nafarroako Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez, 1936ko altxamendu faxistaren biktima izan ziren beste bi pertsonaren gorpuzkiak atera dituzte lupertik, Artazu herrian.

Herri horrek 2016. urtean ezarri zuen monolitoaren aldamenean zeuden hobiratuta bi gorpuak, eta Gobernuak azaldu duenez ez dakite nongoak ziren bi pertsona horiek. Jaso dituzten lekukotasunen arabera, 1936ko irailaren bukaeran erail zituztela uste dute.

Gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanak igandean egin zituzten Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariek, Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiarekin sinatuta duten hitzarmenaren baitan.

Hamasei deshobiratze eta hogei prospekzio

Bi hauekin, dagoeneko 68 dira legealdi honetan lurpetik atera dituzten gorpuzkiak. Hamasei deshobiratze egin dituzte eta hogei prospekzio, Gobernuak bere oharrean jakinarazi duenez.

Joan zen maiatzaren 6an 1936ko kolpe militarraren beste bi biktimaren gorpuak atera zituzten, kasu horretan Iberon