Gaur, ostirala, ehunka haur, nerabe, adindu eta eri, adin eta egoera guztietako lagunak errepidera aterako dira «istripu bat sufritzeko beldurrez, oinaze eta nekeari aurre eginez, batzuen mendeku gosea asetuz horrela». Urrunketa ez da, gainera, soilik «presoen aferan» kokatutako korapilo bat eta bere ondorioak euskal jendartearen bizkar erortzen dira. Hala agertu du Etxeratek Hernanin egin duen ekitaldian.
ETA desegin ondotik, «ez dago aitzakiarik inolaz ere zuritu ezin dena zuritzeko», eta hamasei heriotza eragin dituen sakabanaketari eusteko. «Behin ETA desagertuz gero, sakabanaketa bertan behera geldituko zela adierazi zuten, eta norbaitek data eta ordua ere zehaztu zituen: 48 ordura».
Biteri kultur etxearen atarian elkartutako hamaika senideek zera erantsi dute: «Gurean sufrimendua zer den oso ongi dakigu eta horrexegatik beste sufrimendu batzuk ere aitortzeko gauza gara (...). Ez dugu inolako mendekurik nahi. Gertatu dena berriz ere gerta ez dadila nahi dugu». Egoera politiko berriak gatazkaren indarkeriaren eraginez sortutako ondorio guztiak entzun, sendatu eta konpondu behar dituela uste dute, eta norabide horretan ardatz gisa hartzen dute euskal preso eta iheslarien afera. Baina, bien bitartean, «ezin dugu gure sufrimendua iraganean utzi».
Indar politikoei, erakundeei eta Gasteiz eta Iruñeko Legebiltzarrei «sendotasuna» eskatu diete bide «berri eta zail honetan» aurrera egiteko. «Eskubideez eta horien urraketen ondorio lazgarriez hitz egiten ari gara; balizko biktima potentzialez. Urrunketa indargabetu behar dela garbi asko adierazten duen euskal gizarteak dispertsio politikak eragindako beste biktima bat onartuko luke? Etxean eta bizirik nahi ditugu», erran dute irmo, txalo zaparrada batekin.
Galderen txandan, kazetariek espainiar Gobernu berriaren aldetik zer itxaroten duten jakin nahi izan dute eta senideek erantzun dute «espekulazioetan erori gabe, pausoak itxarongo» dituztela. Gasteizko Legebiltzarrak, PP izan ezik alderdi guztien babesarekin urrunketa lehenbailehen amaitzeko eskatu izana baikorra da Etxeratentzat eta aldeko boza eman dutenetako bat Madrilgo Gobernuan egoteak ondorioak izatea espero du.
Dispertsioa martxan jartzea erabaki politiko bat izan zela eta soluzioa ere erabaki politiko batetik etorriko dela adierazi, eta hori gertatzeko «presa» dutela azpimarratu dute.