Azken elkarrizketa honetan ETAko zuzendaritzak esandakoek hausnarketarako tarte zabala uzten dute. Erakundeak bere amaiera iragarri zuenetik hilabete eta erdi igaro denean, liburuak bere azken hitzak barnebiltzen ditu eta ziklo amaiera horri ahotsa jartzeaz gain, horren ulermenerako bide ere bada. GARAk Euskal Herriko literatura eta politika arloko bost aurpegi ezagunengana jo du beraien hausnarketak jaso nahian.
Galderen egokitasuna nabarmenduz hasi da Laura Mintegi EHUko irakasle eta idazlea. «Asmatu du galdetzen pertsona askok jakin nahi izan duguna, areago, jakiteko premia genuena. ETAk herritarron bizimodua alderik alde zeharkatu du eta gehienon egunerokotasunean eta jardueran eragin zuzen eta sakona izan du. Elkarrizketa egiatia da, galdera bakar bati iskin egin gabe, deserosoa bada ere. Zintzo erantzun du. Ez genuen behar Jaime Mayor Orejak esatea, ETAk ez duela gezurrik esaten jakiteko», adierazi du.
Aldi berean, liburua azken hamarkadetan Euskal Herriak bizi izan duena arlo pertsonal zein kolektiboan ulertzen laguntzeko tresna dela uste du Mintegik: «Irakurri ahala, erakundeaz eta herri honen historiaz gehiago jakiteko balio izan dit, baina, batez ere, nire burua ulertzeko izan da baliotsua».
Elkarrizketak nolabait ustekabean harrapatu duela aitortu du Edorta Jimenez idazleak. «Irakurketan aurrera egin ahala etorri zaidan lehenengo gogoeta zera izan da, ez dudala elkarrizketa hau espero izan; eta horrek, liburu itxura hartu duen elkarrizketa hau espero ez izanak ETAri buruz –kanpotik begiratuta betiere– hamarkadetan ikasi dudan zerbaitekin ahaztuta nengoela esan nahi du. Zerbait hori ETAk bere historian izan duen informazioari buruzko politika da. Alde horretatik, elkarrizketa/liburua ETAren historiarekin guztiz koherentea da», azaldu du.
Lan «argi eta ulergarria» da, beraren ustez. Eta gaineratu du aurretik argitaratu izan diren beste batzuen errepasoa egiteko beharra sortu diola. «Liburuan, ETAk bere etorkizunaz eta azkenean bere bukaeraz eraman duen prozesuaz hitz egiten duenean batik bat, ETAko kide aitortuak diren zenbaiten liburu jakin batzuk berrirakurtzeko giltza berriak antzeman ditudala uste dut».
Erakundearen azken adierazpenei eta hauei eginiko kritikei ere heldu die Jimenezek, elkarrizketan horren inguruan emandako azalpenetik tiraka: «ETAk nahiago izan du armagabetu –entregatu beharrean– urtu –desegin beharrean–, eta urtu aitzin azken elkarrizketa hau –askok ofizialki soberakotzat joko dutena– eman. Hitzetan ere ez gara denok ados jarriko, ETAk berak dio hori». Hargatik uste du idazleak «historiarako geratu den erabaki baten aurrean» erakundearen ibilbidea ulertzeko gakoak eskaintzen dituela liburuak.
Iraganari eta etorkizunari begiratzen dion keinua ikusten du, bestalde, Jon Alonso idazleak: «Beharbada gutxiagorekin ez ginatekeen konformatuko; agian oraintxe bertan ezin daiteke askoz gehiago eskatu. Justizian oinarritutako berradiskidetze saio luze baterako hasiera izan liteke, ausaz, benetan borondatea balego».
Ezker abertzaleak liburuaz esateko duena ere jaso dugu. Arkaitz Rodriguez eta Rafa Diez Sortuko ordezkariek testigantzaren balioa goraipatu dute. «Azken 60 urteetan Euskal Herrian izan den borroka ulertzeko testigantza beharrezkoa da», Diezen ustez. Perspektiba historiko batetik heldu dio Rodriguezek bere hausnarketari, «herriarentzako eta herrian lotutako erakunde baten testigantza» dela azpimarratuz.