NAIZ

Indautxuko ostalaritza lokalen %3a bakarrik dira irisgarriak

‘Irisgarriak gara’ kanpainaren baitan FEKOOR elkarteak aztertutako 209 lokaletatik, 5 bakarrik -guztien %3- dira irisgarriak lokalerako sarrera, bainugelen irisgarritasuna eta barneko bizigarritasuna kontuan hartuz.

‘Irisgarriak gara‘ kanpaina burutu du FEKOOR elkarteak.
‘Irisgarriak gara‘ kanpaina burutu du FEKOOR elkarteak.

FEKOORek, Gutxitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak, Indautxun abiarazitako ‘Irisgarriak gara’ kanpainaren irisgarritasun-txostena aurkeztu du gaur goizean Iñigo Pombo, Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Saileko zinegotziarekin batera. Kanpaina honen helburua da, irisgarritasun-araudiaren betearazpena ebaluatzea, irisgarritasun unibertsalaren eta pertsona guztientzako diseinuaren aldeko kontzientzia handiagoa sortzeko herritarren artean.

Indautxun aztertutako 209 lokaletatik, 5 bakarrik (guztien %3) dira %100 irisgarriak. Emandako datuen arabera 56 lokalek (%27k) zeroko kotan dute sarrera, horietatik 22k (%10ek) 2 zentimetro baino gehiagoko eskailera dute sarreran, eta ibiltzeko modukoak dira: pertsona askorentzako ez dira irisgarriak laguntzarik ez baldin badute eta 131k (%66k) ez du bat ere irisgarritasunik.

Aztertutako lokaletatik 12k (%15ek) bainugela egokituak dituzte. Sarritan, bainugela egokitua egon arren, biltegitzat erabiltzen da botila-kaxak, garbiketarako gauzak edo mahaiak eta aulkiak gordetzeko, eta beraz, ezin dira erabili.

Barneko bizigarritasunari dagokionez, 25 establezimenduk (%32k) mugikortasun urriko pertsona barruan eroso eta seguru egon ahal izateko lekua dute (mahai altuak, biratzeko eta ibiltzeko leku nahikoa, barra baxuak...).

Irisgarritasunari buruzko legearen betearazpen-maila txikia egiaztatu dutela esan dute, baina datu baikor gisa irisgarritasunari buruzko interesa gero eta handiagoa dela nabarmendu dute.

Aztertutako lokal guztietatik, puntu gehien jaso dituena Rodriguez Ariaz kalean kokaturiko Colombo jatetxea izan da.