NAIZ

Bilboko udal igerilekuetan sorosleak falta direla ohartarazi du LAB sindikatuak

LAB sindikatuak azaltzen duenez, aurtengo udara arte Bilboko igerilekuetan hiru sorosle egon dira eta jendetza aurreikusten zen kasuetan laugarren batek lagunduta. Aurtengo udan berriz, bi sorosle egongo dira soilik, eta hiru jendetza aurreikusten den egunetan.

Oihane Agirregoitia Kirol zinegotzia udako igerilekuen irekiera ekitaldian. (Bilboko Udala)
Oihane Agirregoitia Kirol zinegotzia udako igerilekuen irekiera ekitaldian. (Bilboko Udala)

Komunikabideetara bidalitako ohar batean LAB sindikatuak azaltzen duenez, Bilboko udal kiroldegietako zerbitzua kudeatzen duen enpresa azpikontratatuta dago eta esleipena duen enpresak, GUEDAN Servicios Deportivos S.A.-k, «kostuak murriztea du helburu» Udalak eta honek eraginak ditu udarako irekitako igerilekuetan.

LAB sindikatuak dioenez, igerilekuetara laguntzailerik gabe sartzeko gutxieneko adina murriztu egin da, 14 urtetatik 11ra, hain zuzen ere, baina nabarmen jaitsi da igerileku irekiak zaintzera zuzendutako sorosle kopurua.

«Aurtengo udara arte, gomendioei jarraituz, igerilekuetan 3 sorosle egon dira normalean, jendetza aurreikusten zen kasuetan 4. batek lagunduta. Aurtengo uda bestelakoa izango da, bi sorosle egongo dira soilik, eta hiru jendetza aurreikusten den egunetan», salatzen dute oharrean.

LAB sindikatuak dioenez, «S.O.S.eko langileek, euren esperientziatik, euren kezkak adierazteko beharrean daude, ezinezkoa baita aurreikuspenik egitea. Egun oso beroek eta oso jendetsuek ez baitute sarritan bat egiten. Horrez gain, erantzukizun falta larria iruditzen zaigu igerilekuetara laguntzaile nagusi barik sartzeko ezarritako gutxieneko adina».

«Honen guztiagatik, uda honetan Bilboko udal igerileku irekiak erabiltzen dituzten hiritarrei arreta handia jar dezaten ohartarazteko beharrean gaude. Arazoak egotekotan, Udala ez baita erantzule egingo», salatzen dute oharrean.