UEU | NAIZ
IRUÑEA
Entrevue
Gorka Menendez Baceta
Etnobotanikan doktorea

«Gaur egun ez gara gai gure gorputza entzuteko»

'Zientzia ala superstizioa? Sendabelarren afera azterketa etnobotanikoaren ikuspegitik' Gorka Menendez Baceta Ingurumen Zientzietan lizentziaduna eta Etnobotanikan doktorea garai bateko eta gaur egungo medikuntzaz.

Gorka Menendez
Gorka Menendez

Zer dira sendabelarrak?

Sendabelarrak sendatu egiten duten belarrak dira. Bizkaia aldean osabelarrak ere deituak. Bertan sartu ditzakegu landare munduan topatzen ditugun izaki guzti horiek. Gaitasuna dutenak gure gorputzean ematen diren gaixotasunak sendatzeko edo apur bat konpontzeko.

Euskal Herrian hainbat sendabelar ditugu. Zeintzuk dira eta zertarako balio dute?


Askotxo daude. Gehien erabiltzen direnen artean oso famatua da berbena belarra, Verbena officinalis. Etzi horrekin berbena-txaplata egingo dugu. Arrautza zuringoarekin enplastu bat egiten zen eta bekokian ipintzen zen sinusitiserako. Sinusitisa eta mukiak kentzeko.

Zein da ikastaroaren helburua?


Ikastaroaren helburuetako bat da eztabaidatzea zer egiten zaigun baliagarria edo baliagarriagoa. Eta ikastaroaren izenburuak hola esaten du: zientzia ala superstizioa? Sendabelarren afera azterketa etnobotanikoaren ikuspegitik.

Herri medikuntza, ofiziala ala alternatiboa. Zein da hoberena?


Hiruki horretan saiatu gara ikusten bakoitzak zein ezaugarri dituen eta ea guztiek daukaten elementu interesgarriren bat edo ez daukaten. Nire ikuspuntutik herri medikuntzak daukan elementu interesgarrienetako bat da bere izenak esaten duen moduan herri mailan zabalduta dagoen jakituria bat dela. Gaur ez dago herri medikuntza askorik gurean. Baserrietan egoten zena. Elementu interesgarria da ez zelako kontzentratuta egoten jakituria, ez zelako gaur egun medikuaren figurak daukan monopolioa osasunarekiko. Orduan osasunaren autogestio maila altua zen. Herri medikuntza horren baitan ere egoten ziren oso larriak ez ziren gaixotasunentzako erremedio txiki asko, etxeko erremedio asko. Horrek izaten zuen beste arazo bat da larria zenean medikua barik apaiza heltzen zela etxera. Badaude batzuetan gaixotasun batzuk oso zailak direnak herri medikuntzan dauden tresnekin osatzeko.

Lehen herri medikuntzarekin egiten zieten aurre gaixotasunei. Gaur egun beste medikuntza mota batzuetara jotzen dugu. Gaixotasunak aldatu al dira?
Erantzuna konplexua da. Nik uste dut gaixotasun berriak badaudela. Bizimodua ezberdina delako ere bai. Lehenago egoten ziren gaixotasunak gaur egun ez daude. Lehenago egoten ziren gaixotasun asko higiene kontuengatik ziren. Ez da medikuntza kontu bat. Gaur egun, berriz, badaude gure inguruan dauden konposatu kimiko eta jaten dugunarekin datozen gaixotasun asko. Orokorrean gizartea gero eta zaharragoa da eta zaharragoak garenean gaztetan ez ditugun gaixotasunak izaten ditugu.

Nire ustez lehenagoko jakituriak balio zuen lehenagoko gaixotasun batzuk osatzeko. Ez denak. Lehenago minbizia bazenuen edo berez osatzen zen edo... Lehen colico miserere deitzen zitzaiona zegoen: tripako minekin hasi eta hil egiten zen. Eta hori gaur egun badakigu apendizitisa dela. Baina beste aldetik, egoten ziren erremedio asko zauriak osatzeko edo tripako minetarako edo katarroetarako. Erabilgarriak ziren erremedioak. Eta gaur egun farmaziara jotzen dugu segituan. Aurrekoan nire amamak aldaka apurtu zuen eta orain dela 60 urte ohean geldituko zen osatu arte edo hor geldituko zen. Eta orain ospitalera doa. Baina gaur ere badaude gaixotasun asko egungo sistema medikoak benetan erantzuna ematen dien edo ez ikusi beharrekoak. Lehengo sistema medikoan ikuspegi orokorragoa egoten zen, holistikoagoa -zu osotasun batean- eta baita nahiko espirituala eta erlijiosoa ere. Gaur, berriz, sartzen zarenean ospitalera birika moduan edo giltzurrun moduan sartzen zara eta biriken tailerrera zoaz. Horrek ere emozionalki eragina dauka.

Zertan oinarritzen da etnobotanika?


Etnobotanikak etimologikoki esan gura du alde batetik botanika eta bestetik herria, etno edo kultura. Etnobotanika landareak eta herrien arteko hartu emana ikertzen duen zientzia da. Ez du zertan sendabelarrei lotua egon. Etnobotanikaren zati bat dago esate baterako landare jangarriak ikertzen dituena. Edo ikertu ahal dituena tinduak egiteko landareak. Batzuetan egiten dira ikerketa etnobotaniko orokorrak. Hartu kultura bat eta kultura horretan presente dauden ezagutzazko elementu guztiak; erabilerari dagokionez, baina baita ere elementu sinbolikoak ere. Zein landarerekin zaintzen diren etxeak; gaixorik zaudenean hartzen duzuna, baina baita zure ondoan utziko duzun landarea ere, babestuko zaituelako. Erabilera eta sinesmenaren esparru hori guztia hartzen duena.

Normalean etnobotanika zentratu da kultura zaharren ikerkuntzan, baina berez hirietan badago zer ikertu etnobotanikaren ikuspuntutik. Gaur egun hirietan ere azken finean jarraitzen dugu landareak jaten, landareak erabiltzen, baita sendabelarrak ere. Gaur egungo hirietan gainera etorkinen komunitate asko daude. Askotan etortzen dira kultura baserritarretatik eta eurekin ekartzen dituzte sendabelar pilo bat. Euren herrietakoak. Eta oso interesgarria da aztertzea egungo hiri eremuetan zelan nahasten diren ezagutza horiek eta erabilerak.

Gaixotu aurretik, zer egin dezakegu egunerokotasunean gure burua eta gorputza zaintzeko?
 

Lehenago esaten zen garbi jan behar zela. Agerikoak diren kontuak dira. Kirola, ariketa fisikoa egin, droga askorik ez hartu, eta janari garbia jan. Eta gero baita ere jakin zure gorputza entzuten. Gorputzak askotan ematen dizkizu seinale asko eta, egia da, gaur egungo bizimodua hain azeleratua izanik, medikamentu asko bakarrik seinale horiek ezkutatzeko, isiltzeko erabiltzen ditugula. Jendeak antiinflamatorio asko, mina kentzeko gauza asko hartzen ditu. Eta bai, memento batean kendu behar duzu mina. Baina berez min horrek zeozer esaten dizu. Gaur egun gure gorputzak dioena ez dugu entzuten. Ez gara gai entzuteko. Eta hori inportantea da.