Iruñeko 2016ko sanferminetan neska bat bortxatu zuten bost erasotzaileak aske utzi ostean askok sentitutakoa jasotzen du bertso sorta honek. Lekeitiotik iritsi dira bertsoak. Naiara Perez Iglesiazek egin ditu eta Julia Piñel Arribasen eta Amaiur Siejo Diazen ahotsean entzun daitezke. Klitto atari feministak zabaldu ditu.
Sanferminetako talde bortxaketan errudun jotako bost gizonak aske dira joan den ostiraletik. Ostegunean, 6.000 euroko bermepean behin-behinean aske uztea erabaki zuen Nafarroako Auzitegiak. Mobilizazio eta protesta soka luzea eragin du erabaki honek.
Hemen bertsoak oso osorik:
Emakumea nahieran
erabili dutenean
askatasunik eman diete
azkenik trukean
jokaldi zikin artean
justizia era berean
manada handi bat egingo dugu
bien bitartean (bis)
Ezetza ezetza dala
ulertzen erraza zala
matematikan 1 eta 1
bi diren bezala
emakumeon kontrara
labankada eta bala
ta justiziak patriarkatua
defenda ez dezala (bis)
Eragindako samina
amorrua eta mina
egun hotako zenbat epaien
sententziek egina
ta guregan eragina
handia da ahalegina
bakarka indarra badaukagu
batuta imajina (bis)
Gaurko gizarte hiltzaile
hontan beti gu galtzaile
aske izateko errazago da
izanda bortxatzaile
injustizien epaile
gizarte ez berritzaile
askatasuna lortzean
izango gara garaile (bis)