NAIZ

Munduko jauzilaririk onenak Salbeko zubitik egingo dute salto

Hiru urteren ostean, Salbeko zubia eta itsasadarra berriz izango dira Red Bull Cliff Diving World Series izenekoen agertokiak. Ostegun eta ostiral arratsaldeetan munduko jauzilaririk onenak entrenatzen ikusteko aukera egongo da. Larunbatean berriz, 60.000 ikusle espero dituzte.

Salbeko zubitik egingo dute salto jauzilariek. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Salbeko zubitik egingo dute salto jauzilariek. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Munduko hamalau jauzilari onenak Bilbon izango dira larunbatean. Besteak beste, Jonathan Paredes mexikarra, munduko serieen egungo txapelduna. Paredes Bilbon egin den aurreko bi aldietan igo da jauzien plataformara, Athletic-en kamisetarekin jantzia eta, ondorioz, jendearen txaloak eta adeitasuna jaso izan ditu. 

Berarekin batera Bilbon egongo dira Orlando Duque kolonbiarra, bizkarrean munduko hamahiru titulu dituena, eta Gary Hunt, britainiar ia garaiezina, King Kahekili trofeo gutiziatua lortu zuena Salbeko zubian 2015. urtean. Blake Aldridge herrikidea, Ipar Amerikako David Colturi, Andy Jones eta Steven LoBue; Artem Silchenko errusiarra, 2014ko txapelduna; Kris Kolanus poloniarra; Alessandro de Rose italiarra eta Michal Navratil txekiarra; horiek ere lehenago aritu dira Bilbon, gehienak bi edizioetan, gainera. Carlos Gimeno, wildcard kanariarra, Alain Kohl eta Oleksiy Prygorov ere Bilbon arituko dira.

Gaur egin duten agerraldian nabarmendu dutenez, «Bilbo jende onena duen hiria da. Animatzen gaituen jende guztiaren berotasuna ez da ohikoa eta ahaztezina da», komentatzen du sarritan Paredes jauzilariak berak.

Hamargarren urteurrenean munduko serieak ekainaren 2an hasi ziren Texasen, Ameriketako Estatu Batuetan. Lau aste geroago, lehiaketak Bilbotik kontinente zaharrean sartzeko jauzia emango du. Gero, Europako beste bost hiri bisitatuko ditu.

Entrenamenduak

Lehenengo entrenamenduak ostegunean, ekainaren 28an, 16.45etik 19.00etara egingo dira Salbeko zubian. Ostiralean, 29an, berriz ere zubiko plataformatik, 27 metroko altueratik, itsasadarrean murgilduko dira. Berriz entrenatzeaz gain, baztertzeko lehenengo txanda egingo da (17.00etatik 19.00etara).

Larunbatean, ekainaren 30ean, munduko serieen bigarren geldialdia antolatuko da 17.00etatik aurrera. 19.25ean sariak banatuko dira, eta 2018. edizioko txapelduna izendatuko da. 60.000 ikusle espero dituztela esan dute Bilboko Udaletik.