NAIZ+

EuskarAbentura abian, Maule atzean utzita

EuskarAbentura espedizioa osatzen duten gazteak  Maule-Lextarren atzo elkartu ostean, gaur ekin diote ibilbideari. 21,2 km eta + 700 metroko desnibela dute aurretik.

Maulen elkartu zen atzp espedizio osoa. EuskarAbentura.
Maulen elkartu zen atzp espedizio osoa. EuskarAbentura.

Abian da EuskarAbentura espedizioa. Atzo Maule-Lextarren batu zen abentura osatzen duten 140 laguneko lan taldea; 16-17 urte bitarteko 110 gazte eta 30 helduz osatutakoa. Autobusak Euskal Herriko hiriburuetatik abiatu ziren lehen orduan eta eguerdian EuskarAbenturaren parte-hartzaileak Zuberoako hiriburuan elkartu ziren.

Gaur Michel Etchebest Mauleko alkatearen bisita jaso ostean, 8.30ean lehen etapari ekin dio taldeak; 21,2 km eta + 700 metroko desnibela du aurretik.

Urduritasun eta ilusioarekin bat egin zuten abenturakideak, eguerdian, Maule–Lextarren. Zuberoako eguzkiak gogotik berotu zuen giroa. Heldu bezain pronto hamarreko taldeetan banatu ziren, bakoitza bere begiralearekin antolakuntza errazte aldera. Bazkalosteko solasaldian egitasmoaren nondik norakoak azaldu ziren: elkartea, lantaldea, helburuak, plangintza, ibilbidea, babesleak…

Elkar ezagutzeko dinamikekin izotza apurtzen hasita, espedizioaren kamiseten banaketak kolorea erantsi zion taldeari, laranja bizia gazteen artean, eta urdin argia helduentzako. Arratsaldean herriko plazarako bidea hartu zuen espedizioak.

Gaur lehen etapari ekin dio taldeak; 21,2 km eta + 700 metroko desnibela du aurretik. Andurain gaztelua atzean utzita, Ühaitzandi ibaiak zehaztuko du norabidea hasieran. Aurrera egin ahala bidean ez galtzeko Muskildi herriko Popol Bosq eta Onizepeako Francoise Camus bidalgun izango dituzte.

Bihar EuskarAbenturak Ipar Euskal Herriko lurretan barna jarraituko du Donibane-Garazirako bidean, eta etzi, uztailak 4, Pirinioak zeharkatuz Nafarroa aldera iritsiko da, Done Jakue bidea jarraituz Orreagaraino.

EuskarAbentura espedizioa uztailaren 31ra arte luzatuko da eta Getxon (Bizkaia) bukatuko da 483 kilometro oinez eta orotara 783 km, dozenaka bidelagun egin ondoren eta, milaka esperientzia jaso eta gero.

Euskal Herriko eta diasporako hamaika txokotako 16-17 urte bitarteko 110 gazte batu dira taldera. Gazteen gehiengoa, %43, bizkaitarra da (48 gazte), %21 nafarra (23 gazte), %19 Gipuzkoatik etorriko da (20 gazte) eta %13 Arabatik (14 gazte). Zuberoa, Lapurdi eta Behe-Nafarroatik gazte bana etorri da eta diasporatik bi; bat Washingtondik eta bestea Patagoniatik. Gazteen %65 emakumeak dira, 72 neska eta 38 mutil. 

EuskarAbentura izen bereko irabazi asmorik gabeko elkarteak sortutako ekimena da. Euskal Herriko txoko desberdinetako 10 gaztek osatzen dute elkartea eta ia hiru urte eman dituzte egitasmoari forma ematen, borondatez.

Espedizioa aurrera ateratzeko erakunde desberdinen laguntza ezinbestekoa izan da: Akitania-Euskadi-Nafarroa, Euroeskualdea, BBK, Euskaraldia, Euskaltel, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, Getxoko, Donostiko, Bilboko eta Gasteizko Udalak, Kaiku, Ausolan, Euskaraldia, Eusko Ikaskuntza, Jaso Fundazioa… besteak beste