Testigantzez gainera, gurasoren bat espetxean duten ume hauek ingurutzen dituzten datuak grafikoki agertu ditu Expraiek ‘Motxila etorkizunez bete’ erakusketan. Haur hauen adina, gurasoak ikusteko egin beharreko kilometroak edota gurasoekin igarotako denbora jaso ditu.
Gurasoren bat ala biak espetxean duten haur eta nerabeen egoera plazaratu nahi du erakusketa honek. Egun, 104 umek osatzen dute motxiladun ume gisa ezaguna egin den kolektiboa. Haietako gehienak, 83 haurrek hain zuzen ere, aita dute preso. Zortzik amarekin egoteko bidaiatu behar dute Estatu espainol eta frantsesean dauden kartzeletara eta bederatzik ostera, bai aita eta baita ama ere dute preso. Lau haur kartzelan jaio eta hiru urte baino gutxiago izanik, amarekin partekatu dezakete gaur gaurkoz espetxealdia.
Haurren adinari ere erreparatu dio ‘Motxila etorkizunez bete’ erakusketak. Ume gehienak, hiru eta sei urte dituzte, 25 guztira. Badira baina txikiagoak diren ume motxiladunak; izan ere, hiru urte azpikoak dozena bat dira. Bederatzi eta hamabi urte arteko seme-alabak ere mordoxka bat dira, 22 guztira; eta 18 dira dagoeneko nerabeak direnak, 15 eta 18 urte artean dituztenak. Gurasoak ikusi ahal izateko haurrek astebururo egin behar dituzten kilometroak jasotzen ditu ondoko grafiko honek. Gehienek, bidaiatu behar duten 100 ume hauetatik 45 haurrek, 800 kilometro arteko joan etorriak egin behar dituzte gurasoekin egon ahal izateko. Haur motxiladunen kolektiboko 17 haurrek 400 kilometroko bidaia egin behar dute gurasoengana joateko. Egoera lazgarriena ostera, 35 haurrek sufritzen dute astebururo 1.100 egin beharrean aurkitzen direlako euren gurasoekin kontaktuan egoteko. Ondoko grafikoa bereziki latza da. Bertan espetxean dagoen guraso batek bere seme alabaren ondoan eman dezakeen denbora ikusi daiteke. 19 urtez aita preso duen ume batek, 6.939 egunetatik hamabost besterik ez ditu igaroko bere alboan. Estatu espainolean gainera, ez da inoiz bere ondoan esnatu ezta oheratuko ere.
Azken urteotako errealitateari begiratu dio Expraiek grafiko honetan, eta haur eta nerabe hauen begietatik begiratu du gatazkarekiko kokapen bat egin ahal izateko. 104 motxiladun ume hauetatik 47k ez du ETAren jardun armatua ezagutu. Gainera, ETAren behin betiko su etena eman zenean hiru urte azpikoak zirenak gehituz gero, 67 lirateke. Hau da, haur motxalidunen kolektiboaren %59a
Erakusketarako arte lan hauek eraikitzea ez da xamurra izan Exprai artista nafarrarentzat eta hala aitortu du Twitterren. «Testigantza hauek irudi goxoetan jartzea ez da batere erosoa izan. Umeen bizipen zintzoak bezain latzak dira, eta datu hotzen pisuak ez du zama hori arintzen», adierazi du, marrazki hauen atzean ezkutatzen diren protagonista txikiei bere elkartasuna erakustearekin batera.
Testigantza hauek irudi goxoetan jartzea ez da batere erosoa izan. Umeen bizipen zintzoak bezain latzak dira, eta datu hotzen pisuak ez du zama hori arintzen.#MotxilaEtorkizunezBete
— Exprai (@Exprai) 2018(e)ko ekainaren 24(a)
Besarkada estu bat beste izen batekin bidaiatzen duten Gari, Malen, Hize, Maddi, Amaiur, Haizea eta Adur guztiei. Haurtzaroa lapurtu nahi badizuete ere, ezin dizuete gure maitasuna inolaz ere ohostu. ♥️#MotxilaEtorkizunezBete pic.twitter.com/68iQSw9I87
— Exprai (@Exprai) 2018(e)ko ekainaren 24(a)
Motxiladun umeen erakusketa Azpeitian ireki zituen ateak maiatzean. Hernanin ere egin du geldialdia eta herriz herri bidaiatzen joango da Sare Herritarraren eskutik.