NAIZ+

Brebeta euskaraz egiteko eskubidearen aldarria Bordelerako bidean eta sarean

Bordeleko Errektoretzak Seaskako 179 ikaslek euskaraz egin zituzten Brebet probako zientzietako azterketak ez zuzentzeko erabakia hartu ostean, Brebeta euskaraz egiteko eskubidearen aldarria ozen entzuten ari da Bordelen eta sare sozialetan.

Seaskako ikasleak Bordelerako bidean.@iurrebidegain
Seaskako ikasleak Bordelerako bidean.@iurrebidegain

Errektoretzak Seaskako ikasleek euskaraz egindako Brebet-eko zientzia azterketak ez zuzentzeko agindu ostean, haserrea piztu da Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoen artean.

Brebet-eko Historiako eta Matematikako probak euskaraz egiteko aukera dute ikasleek, baina ez Zientziakoa. Hala ere, euskaraz egitea erabaki zuten Piarres Larzabal, Xalbador eta Manex Erdozaintzi Etxart kolegioetako 179 ikaslek, euskaraz ikasteko duten eskubidea aldarrikatzeko. Orain azterketak «bahitu» egin ditu errektoretzak eta zientzietako azterketak ez zuzentzeko agindu du.

Iaz ere Zientziako azterketa euskaraz egin zuten Seaskako ikasleek, eta orduan zuzendu zituzten frogak azkenean. Horretarako prest zeuden irakasle elebidunak baziren aurten ere.

Ikastolen federazioak erabaki horren aurrean «haserrea agertzeko» deia egin du eta Bordeleko errektoretza aitzinean elkarretaratzea egingo dute goiz honetan. Sareetan ere nabaria da haserrea.