NAIZ
CASTRO

Urdaibai eta San Juanek ez dute sorpresarako betarik ematen

Jaun eta jabe dira Urdaibai eta San Juan, bata Eusko Label Ligan eta bestea Euskotren Ligan. Igande honetan, esaterako, biak ala biak nagusitu dira Castroko uretan.

Urdaibaiko arraunlariak, arraunak gora igota. (@actraineras)
Urdaibaiko arraunlariak, arraunak gora igota. (@actraineras)

Ez da Urdaibai eta San Juani aurre egingo dion ontzirik. Aise nagusitu dira bi traineruak Castroko uretan, eta hala egin dira biak ala biak ere Caixabank banderarekin. Lider jarraitzen dute biek euren ligatan; Eusko Label Ligan bermeotarrak eta Euskotren Ligan pasaitarrak.

Erraz menderatu ditu aurkari guztiak Urdaibaik, nahiz eta ohorezko txanda ia erabateko berdintasunarekin abiatu den. Hondarribia jarri da lider lehenengo ziabogaren ostean, baina estropadaren erdi lanetara iritsi direnerako bermeotarrak ziren buruan.

Behin estropadan aurretik jarrita, arraunaldi bakoitzarekin denbora sartu die Urdaibaik bere aurkariei; hala, eta atzo Donostian irabazita, asteburu biribila osatu dute Bermeoko arraunlariek. 

Bezperan jazo bezala, San Juan nagusitu da igande honetan ere Castroko uretan lehiatutako III. Caixabank Banderan. Hala, sei estropada lehiatu dituzte emakumeek denboraldia hasi denetik eta seiak irabazi dituzte pasaitarrek.

Hasi bezain pronto egin dira ‘batelerak’ estropadaren lidergoarekin. Gertu izan dute Orio ia estropada osoan zehar –lau segundoren buelta une oro–, gaur arteko denboraldiko amaierarik estuena eskainiz.