NAIZ

Karpatxo eta Mekanitxin, haurren lagun berriak, eta Konpartsakide Eguna aurkeztu dituzte

Bilboko konpartsek Aste Nagusiko bi pertsonai berriak eta larunbatean ospatuko duten Konpartsakide Eguna aurkeztu dituzte. Karpatxo eta Mekanitxin, haurren lagun berriak izango dira jaietan antolaturiko ekintzak girotzeko.

Bilboko konpartsek agerraldia egin dute pertsonai berriak eta Konpartsakide Eguna aurkezteko. (FOKU)
Bilboko konpartsek agerraldia egin dute pertsonai berriak eta Konpartsakide Eguna aurkezteko. (FOKU)

Aste Nagusiko bi pertsonaia berri aurkeztu dituzte Bilboko konpartsek. Aurten 40 urte bete arren, «inoiz baino gazteago» etorriko da Aste Nagusia umeentzako izugarrizko programazioarekin agerraldian nabarmendu dutenez.

«Urtero sortzen eta birsortzen den jai herrikoi eta parte-hartzailea izanik, egungo haurrei dagokie haur moduan gozatzea eta bihar-etzi, konpartsakide moduan, beraien erara egitea egokituko zaie», azaldu dute. Horregatik, umeeekin batera protagonismoa izango duten haurren bi lagun aurkeztu dituzte: Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaiak.

Larunbatean ospatuko den Konpartsakide egunean estreinatuko dira eta Aste Nagusian egunero haurren ekintzak girotzen izango dira. Bi pertsonaia hauek patinete gainean gidatuko dituzte, ziztu bizian, Aste Nagusiko ekintzetan parte hartzera: goitibehera tailerra, Gastro Txikia, piroteknia tailerra, «sortu zure txosna», umeen kalejira… eta beste hainbat.

Konpartsakide Eguna

Larunbat honetan, konpartsen arteko herri-bazkaria, pintxo-lehiaketa, erromeria eta haurrentzako ekitaldiak bilduko dituen egitaraua izango. Azaldu dutenez, tokiko produktuek garrantzi handia izango dute Areatza aldean, izan ere, konpartsakideon festa handiarekin bat egin nahi duen ororentzat, Bizkaiko Txakolina eta Eusko Labelek ekarritako tomate eta piper berde dastaketa eskainiko da.

Konpartsek bi elkarte hauen ekarpena eskertu dute. Bilboko Konpartsetako lehiaketa Gastronomikoaren lehendakari Pedro Prieto Gagok nabarmendu duenez, «jai herrikoietan tokiko ekoizleak, txikiak, zero kilometrokoak, bertoko baserritarrak egon daitezen apustua egiten dugu».