NAIZ
GASTEIZ

Poliziaren gehiegikerien biktimen legea aldatzea «aurrekari desegokia» da, EH Bilduren ustez

EH Bilduren iritziz, Poliziaren gehiegikerien biktimen legea «orrazteko» Lakua eta Madrilgo gobernuen arteko akordioa «aurrekari txarra» da, Gasteizko Legebiltzarrak onartutakoa «apaltzea» duelako helburu bere ustez. Elkarrekin Podemosek esan du aldaketak babestuko dituela, betiere biktimei kalterik eragiten ez badiete.

Iñigo Urkullu eta Pedro Sanchez, Moncloa jauregian egin zuten bileran. (J.DANAE/FOKU)
Iñigo Urkullu eta Pedro Sanchez, Moncloa jauregian egin zuten bileran. (J.DANAE/FOKU)

EH Bilduk oharra kaleratu du, Gobernu espainolak Gasteizko Parlamentuak onartutako Poliziaren gehiegikerien biktimen legeari jarritako helegitea kentzeko Lakuako Gobernuarekin lortu duen akordioaren harira. Josu Erkorekak atzo azaldu zuenez, hainbat aldaketa egitea adostu dute bi gobernuek. Legea EAJ eta PSEren botoekin onartu zen, EH abstenitu egin zen eta PPk eta UPyDk aurka bozkatu zuten.

EH Bilduren ustez, aipatutako akordioa «aurrekari desegokia» da Legebiltzarrak onartutako lege baten edukia aldatzen duelako eta edukia «errebajatuko» duelako.

«Ez da EH Bilduk espero zuena, Estatuaren biktimen aitortzan eta erreparazioan handinahiagoak baikara, biktima guztien eskubideak bermatzeko», aldarrikatu du.

Indar abertzaleak gogoratu du ez zuela lege horren aurka bozkatu eta orain ere ez du arrazoirik ikusten boto hori aldatzeko, baina nolanahi ere espainiar Gobernuarekin eginiko negoziazioak «z dakar hobekuntzarik, eta aurrekari arriskutsua da».

EH Bilduk lanean jarraituko du biktima guztien aitortzaren eta erreparazioaren alde lanean, «bazterketarik onartu gabe», adierazi du.

Elkarrekin Podemos

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Jon Hernandezek bere taldeak legean egingo diren aldaketak babestuko dituela esan du, hainbat baldintzarekin. Hala, ohartarazi du aitortu eta erreparatu nahi diren biktimei kalterik eragiten ez bazaie eta legearen edukia ahultzen ez bada emango diola babesa.

Horregatik, irailerako Lakuako Gobernuaren agerraldia eskatu du Parlamentuan, Madrilekin adostu dituen aldaketen zehaztasunak eman ditzan.