NAIZ
GASTEIZ

Aurtengo ‘Txosnisaria’, Okupatu Gasteiz dinamikarentzat

Okupatu Gasteiz dinamikak jasoko du aurtengo ‘Txosnisaria’, Gasteizko txosna batzordeko kideek prentsaurrekoan iragarri dutenez. Berritasun gisa, eta antolatu duten programazio zabal eta anitzaz gain, iragarri dute zabor organikoaren kudeaketa berezia egingo dela txosnagunean.

Txosna batzordeko hainbat kide, egitarauaren aurkezpenean. (Raul BOGAJO/FOKU)
Txosna batzordeko hainbat kide, egitarauaren aurkezpenean. (Raul BOGAJO/FOKU)

Gasteizko txosnaguneak datorren ostiral honetatik abuztuaren 9ra arte izango duen programazioaren berri eman du prentsaurrekoan txosna batzordeak.

Zeledonen jaitsierari aurre hartuta, eta txupinazoaren zain egon gabe, ostiralean emango diete jaiei hasiera txosnagunean, «aniztasunean, autogestioan eta kolektibotasunean» oinarritutako eremuan.

Guneak zazpi txosna eta bi karpa izango ditu eta, eragile guztien artean osatu duten egitarauaz gain, hauetako bakoitzak bere egitarau propioa antolatu du. Txosnek antolatutako ekimenez aparte, gainera, hainbat ekimen gauzatuko dira txosnagunean, horien artean Euskaraldiak antolatu duena.

Egitarau orokorrari dagokionez, egun bakoitzak bere izaera propioa izango du. Hala, abuztuaren 4a okupazio eguna izango da; 5a euskal preso eta iheslariekiko elkartasun eguna izango da; 6a, ‘entxosnatu’ eguna, belaunaldi ezberdinen batura izatea nahi dute; gazte eguna izango da abuztuaren 7a; eta egun feminista 8a.

«Esan gabe doa txosna gunean ez dugula inolako erasorik onartuko», aurreratu dute, «hauen arrazoia dena dela ere». Hala, txosna batzordeak bere egiten du Gasteizko mugimendu feministaren eraso sexisten protokoloa. «Mezu bat helarazi nahi diegu erasotzaileei: ez dira ongi etorriak txosnen gunera eta edozein erasoren aurrean txosna batzorde osoa izango duzue aurrez aurre gunetik kanporatzeko».

Azpimarratzekoa da ere Gasteizko txosnak ingurumenari dagokionean hartzen ari diren ardura maila. Urteak daramatzate ontzi berrerabilgarriak erabiltzen, Goienerrek hornitzen ditu eta aurtengo jaietan, gainera, zabor organikoaren kudeaketa berezia egingo da.

Agerraldian iragarri dutenez, Okupatu Gasteiz dinamikak jasoko du aurtengo ‘Txosnisaria’. Aipatu dinamika osatzen dute Hala Bedik, Gaztetxeak, Auzolanak eta Errekaleorrek.