naiz
Baiona

Baionako jaietan izandako eraso sexistak salatu dituzte

Talde feministek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Baionan, jaietan izandako eraso sexisten aurrean erantzun bat eman eta salaketa publikoa egin asmoz.

Jaietan izandako eraso sexistak salatu dituzte Baionan. (Bob EDME)
Jaietan izandako eraso sexistak salatu dituzte Baionan. (Bob EDME)

‘Bortizkeria sexistarik ez’ zioen pankarta baten atzetik, Baionako mugimendu feministak elkarretaratzea egin du gaur herriko etxearen aurrean, jaietan izandako eraso sexistak salatzeko. Tartean, Martine Bisauta hautetsia ere izan da.

Jaietan bi bortxaketa salaketa izan zirela jakinarazi zuten igandean. Baionako prokuradoreak, Samuel Vuelta-Simonek, atzo ‘Mediabask’ astekariari azaldu zionez, «hiru edo lau» salaketa jaso zituzten jaietan. Adierazi zuenez, «salaketa horiek sexu eraso bezala aztertzen ditugu ez bortxaketa gisa».

Pertsona batek hilaren 26an bortxaketa salatu zuen, baina ondoren bertan behera utzi zuen salaketa. Horretaz gain, igandean bertan, 25 urteko neska batek bortxaketa salatu zuen. Neska jai eremuan zelarik bistatik galdu zuten bere lagunek ostiralean. Biharamunean Baionatik 50 kilometrora, Akize hirian azaldu zen, auto batean. Neskak ez du oroitzapen zehatzik gertatukoari buruz, baina bortxatu egin zutelakoan salaketa ezarri zuen igande goizean Baionako komisarian.

GARAk jakin ahal izan zuenez, neskaren lagunek haren lekukotasuna babestu zuten ondotik poliziaren aurrean. «Izaera sexuala duen eraso bezala» ikertzen ari direla salaketa hori zehaztu zuen Samuel Vueltas-Simonek, auzia Akizeko prokuradoreak bere gain hartu duela jakitera eman aurretik.