NAIZ
DONOSTIA

Migratzaileak bizpahiru astez hartzeko zentro bat irekitzea aztertzen ari da Lakua

Beste herrialde batzuetara bidean dauden migratzaileei bizpahiru astez harrera egiteko zentro bat irekitzea aztertzen ari da Lakuako Gobernua, SOS Arrazakeriako Peio Aierbek adierazi duenez. Egun bost eguneko muga daukate. 

Hainbat migratzaile, Bilbon. (June PRIETO/FOKU)
Hainbat migratzaile, Bilbon. (June PRIETO/FOKU)

Migratzaileen afera lantzeko erakunde eta eragile desberdinek atzo Donostian egin zuten bileran parte hartu zuen Aierbek eta bertan hitz egindakoez mintzatu da gaur Radio Euskadin.

Azaldu duenez, beste herrialde batzuetara bidean dauden migratzaileak hartzeko zentro bat sortzeko aukera aztertzen ari da Lakuako Gobernua, bi edo hiru asteko tartera mugatuta egongo litzatekeena, egun indarrean dagoen bost eguneko muga hori handituz. 

Zentro horretan «jan eta lo egiteko» aukera eskainiko litzaieke migratzaileei. 

Kokapenaz, Aierbek esan du balizko zentro hori Bizkaian kokatuko litzatekeela, bertara iristen baitira migratzaile gehienak (kalean 140 inguru dabiltzala zehaztu du), Gipuzkoan kopurua «askoz ere txikiagoa» den bitartean. 

Hala eta guztiz ere, SOS Arrazakeriako kideak argi utzi du oraindik ez dagoela «konpromiso irmorik». 

Beste alde batetik, Aierbek ohartarazi du Polizia frantsesak Irungo mugan egiten dituen kontrolak gogortu egin direla eta migratzaileak kanporatzen segitzen dutela. Gaineratu du modu batean edo bestean gehienek lortzen dutela muga gainditu eta beraien bidearekin jarraitzea.