naiz
Gasteiz

Herri bazkaria, azoka eta artista lokalak, urriaren 6ko OkupaTU Gasteiz egunean

Urriaren 6an OkupaTU Gasteiz eguna antolatuko dute arabar hiriburuan, eta aurreratu dutenez, herri azoka bat, bazkaria eta bertasko artistak izanen dira protagonista. Egitarauaren xehetasun guztiak irailaren 6an aurreratuko dituzte.

OkupaTUGasteizek ireki zituen aurten arabar hiriburuko txosnak. (Endika PORTILLO / FOKU)
OkupaTUGasteizek ireki zituen aurten arabar hiriburuko txosnak. (Endika PORTILLO / FOKU)

Urriaren 6an Arabako hiriburuan egingo den OkupaTU Gasteiz eguneko lehen xehetasunak eman dituzte jakitera antolatzaileek40 egunen faltan. 2018 honetan Hala Bedik 35, Gaztetxeak 30, Auzolana Pilotalekuak 10 eta Errekaleorrek 5 urte betetzen dituzte eta arabar hiriburuko herri mugimenduarentzako «urte historikoa» dela nabarmendu dute..

Hori dela-eta, urriaren 6koa «historiara pasako den egun bat» izatea nahi dute eta egun horretan biziko denaren lehen xehetasunak eman dituzte jakitera. Hileko lehenbiziko larunbata aitzaki, herri azoka bat egongo da zeinetan herri mugimenduko eragile eta norbanako ezberdinek euren materiala jarriko duten eskuragai.

Herri bazkaria izanen da «eguneko puntu garrantzitsuenetariko bat» eta «jende gehien bildu nahi duena». Helburu horrekin, tiketak jada salgai daude Kandela, Parral eta Hala Bedi Tabernetan. «Giro sanoan belaunaldi ezberdinak bildu nahi ditugu mahaiaren inguruan, izan zirenak, direnak eta guregana hurbilduko direnak», adierazi dute ohar baten bidez. Gune hau gestionatzeko, bazkariko tiketak ahalik eta lasterren erosteko deia egin dute.

Jai giroa hiri erdiguneko esparru ezberdinetan egongo da. Gune zehatzak aurrerago emango dituzte jakitera, baina tabernekin elkarlanean arituko direla eta Gaztetxean ere «ez dela girorik faltako» nabarmendu dute. Era berean artista lokalak «lehenetsi» direla baieztatu dute, «estilo ezberdinak bilduz». Hala ere, behin betiko egitaraua irailaren 6an egingo dute publiko, Matxete plazan 11:00etan eskainiko duten agerraldi batekin, non kartela aurkeztuko dute eragile ezberdinen presentziarekin.