Ane URKIRI
BILBO

Errepresaliaturik gabeko herri bat izateko «lan-agenda» aldarrikatu dute Bilbon

«Bada garaia, presoak kalera» lelopean manifestazioa egin dute Bilboko Aste Nagusiaren baitan. Filtroko gertakizunen 24. urteurrenean oroimen berezia izan dute gaur Roberto Facal eta Fernando Morronirentzat, 1994an euskal errefuxiatuen asilo politikoaren eskubidea defendatzeko Uruguaien egin ziren elkarretaratzean poliziaren indarkeriaren ondorioz hil ziren.

Presoen eskubideen aldeko manifestazioa Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Presoen eskubideen aldeko manifestazioa Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bilboko Aste Nagusiaren baitan ohikoa bihurtu den euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazioa burutu da Moyua plazatik Udaletxeraino, ezker abertzaleak deituta. Milaka lagunek babestu dituzte kartzelaratuta edo errefuxiatuta dauden euskaldunak eta beraien etxeratzea aldarrikatu dituzte, oihu eta pankarten bitartez. Pankarta nagusia 10 errefuxiatu ohik sostengatu dute ibilbidean zehar.

Udaletxe parean amaitu den martxan beste hainbat borroka aipatu dituzte: pentsionistak, feminismoa, etorkinak, Altsasukoak... Hala, «iraganari etorkizuna zor» diogula adieraziz, «kartzelako barroteen artean hildako azkena Antxo izan dadin, senideek kilometro gutxiago egin ditzaten, kalean nahi ditugu» aldarrikatu dute. Ziegetan preso eta Euskal Herritik urruti dauden presoen eskutitzak irakurri dituzte bertaratutako guztiek 'Jo ta ke'-ren doinua arretaz entzun eta gero. Eta guztietan Euskal Herriaren aldeko borrokak «merezi» duela nabarmendu da. Horietako batek, gizartearen inplikazioa ere exijitzen zuen, salbuespen legedia altxatzeko ardura duela gaineratuz: «Erasoari eta blokeo egoerari buelta eman behar zaio, eta horretarako gizartearen urratsak behar ditugu».

«Helarazi gaur hemen dagoen maitasun eta harrotasuna preso dauden senideei», eskatu diote gaur berriro ere furgoneta, kotxea edo autobusa hartu behar duten familiartekoei. Horrekin batera eta EPPK-k partekatutako azken gogoetekin bat eginda, «hitzetatik harago» doan lan-agenda aldarrikatzeko bildu direla zehaztu dute: «Behin betiko errepresaliaturik gabeko herria izateko, bide orri bat hitzartzea ezinbestekoa da». Eta ehuntzen ari diren harreman berriekin, kalean mobilizatzen jarraitzea giltzarri ikusten dute.

«Kalera irten behar dugu beraiek kalera irten daitezen», azpimarratu eta 'Orain presoak' lemapean sortzen diren ekitaldi guztietan «aktiboki» parte hartzeko deia luzatu diete euskal herritar guztiei. «Garrantzitsua da aldarrikapena bizirik mantentzea» adierazi dute,  azken egunetan aske geratu diren Gorri eta Piol gogoratu eta festen baitan euskal preso eta iheslari politikoen alde egiten diren ekimen guztiak goraipatu dituzte.

Uruguairekin elkartasuna

Presoei elkartasuna adierazi aurretik, baina, plaza eliptikoan Uruguaiko bandera eta ikurrina batera ageri ziren, bi herri hauen «anaitasunaren» adierazle gisa. 24 urte dira Filtroko ospitale kanpoko sarraskiaz, poliziak euskal iheslarien defentsan egindako mobilizazioen aurka egin ostean hainbat uruguaitar zauritu ziren eta Fernando Morroni eta Roberto Facal hil egin ziren.

Manueltxo, errefuxiatu ohiak, hartu du hitza gaur. Uruguaiko El Filtro ospitalean zegoen gose eta edari grebaren ondorioz, beste bi kiderekin batera. Uruguaien kanporatu gabe geratzen ziren euskaldunak ziren, nahiz eta sententzia argia eduki esku artean. Uruguaitarrek hauen asilo politikoaren eskubidea defendatzeko elkarretaratzeak burutu zituzten, abuztuaren 24an –«egun beltza eta tragikoa»– poliziaren indarkeriak ondorio «larriak» izan zituen arte. Uruguaitarren elkartasunarengatik hunkituta agertu da Manueltxo eta «maite dut Uruguai eta maitet ditut uruguaitarrak» esaldiarekin bere esker ona adierazi die.