Showcooking-a, pil-pilean prestatzeko beldurra uxatzeko asmoarekin
Bakailaoa, baratxuria eta olioa, besterik ez da behar bakailoa pil-pilean prestatzeko. Eta giltza, kazola suabe mugitzea. Erraza aurreneko begiratuan, baina zaila bikaintasunera hurbiltzea. Iturrieta eta Larrucea sukaldarien argibideekin, orain guri dagokigu errezeta lagunekin partekatzea.
“Showkaldaritza” –edo “Showcooking” modernoago, Zigor Iturrietak aipatu legez– izan zen Bilboko Areatzak atzo eguerdian hartu zuen plater gorena, izarra. Sukaldaritza egunerokora eramaten saiatu ziren Iturrieta eta Juantxu Larrucea sukaldariak. Zehazki, pil-pil erara kozinatzeak izan duen «gainbeheraren» eraginez, etxean errazago prestatzeko jarraibideak eman zituzten, «beldurra uxatzeko».
«Ni show-a egiteaz arduratuko naiz eta Juantxuk [Larrucea] kozinatu egingo du», zioen txantxetan ETB1eko “Txoriene” saioko aurkezleak ekitaldia hasi baino ordu batzuk lehenago. Intentzioa, telebista saioaren estiloa Areatzara eramatea zen, pantaila erraldoi eta guzti, bertaratutako guztiek bakailaoa pil-pilean egiteko trikimailuak ikas zitzaten.
«Sinplea da», zioten inguruan zebiltzan sukaldariek, hain zuzen, haurren tailerrerako osagaiak prestatzen zebiltzalarik. Txikienek –150 ume inguruk– kokotxekin egin zuten lana, eta hauen «gelatina» ateratzen ikasi zuten. Kasik ohartu gabe, eraman zuten, askok eta askok, kazolatxoa etxera, jateko prest.
Bitartean, eta goizeko 10.00 inguruan hasita gehienak, bakailaoa pil-pil erara kozinatzen zebiltzan txapelketan parte hartzera zihoazen hainbat kuadrilla. Gehiengoa, jende heldua eta gehiengoa, gizonezkoak. Kokotxen zonaldean gertatzen zen bezala. Emakumeak arraina garbitzen zebiltzan, gizonezkoek kazolaren inguruan jarduten zuten bitartean.
40 kilo kokotxa garbitu zituzten lau emakumek. «Hau ez da inoiz bukatu behar ala?», galdetu zuen irribarrez horietariko batek. Erraza omen dela-eta –beraiek esana–, bosgarren kokotxarako bikain garbitzen jakin dezakegula ziurtatu zuten.
Kokotxak, baratxuria eta olioa besterik ez omen ditu platerak, eta berdina bakailaoaren kasuan. Giltza, kazola ondo mugitzean dago, su motelean eta gelditu gabe. «Eta saltsa sendotzeko ur pittin bat bota diezaiokegu», aitortu zuen Larruceak. Horretarako, baina, ezin sukaldetik urrutira joan, betiere begiarekin atzeman behar baita noiz bota eta noiz ez.
200 euroko kostua
«Ez da hain sinplea», aurkaratu zuen Zigor Iturrietak eta plater hau gainbeheran dagoela gaineratu zuen. «Gazteen artean ez dago ohiturarik, lehenik eta behin produktuak garestiak direlako», azaldu zuen. Horrelako plater bat prestatzeak 200 euroko kostua izan dezakeela aipatu zuten Larruceak zein Iturrietak, eta horrek, nahitaez, jendea atzera botatzen du.
Bestalde, pazientziarekin eginiko jakia behar du izan. «Eta teknika pixka bat ere eskatzen du», zehaztu zuten. Horregatik, hain zuzen, bakailaoaren gelatina ateratzearen teknika eta egunerokoa errazteko apar-burruntzaliaren trikimailua azaleratu zuen Iturrietak.
Irakasle eta ikaslea izan zirenak Bilboko Areatzan elkartu ziren berriro ere suaren beste aldean, Juantxu Jatetxean eman baitzituen aurreneko urratsak Iturrietak, Larrucearekin. Eta hauen argibideak jakinda edo jakin gabe –batek daki–, Iru Lagunak kuadrilla izendatu zuten aurten «Makailuaren Jaun» –iaz zilarrezko domina eskuratu zuen–, pil-pilean zein bilbotar erara prestatuta lortu zituen puntuak batu ondoren.