@MartxeloDiaz
IRUÑEA

Euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea eskatuko du Kontseiluak Iruñean urriaren 27an

«Hamarkadak daramatzagu Nafarroan euskaldunen hizkuntza-eskubideak ez direla errespetatzen salatzen», adierazi du Paul Bilbaok gaur Iruñean egin duten agerraldian. Egoera hori «behingoz» gainditzeko aukerak daudela aldarrikatuko du Kontseiluak urriaren 27an egingo duen manifestazioan.

Kontseiluak agerraldia egin du gaur Iruñean urriaren 27an egingo den mobilizazioa aurkezteko. (Iñigo URIZ/FOKU)
Kontseiluak agerraldia egin du gaur Iruñean urriaren 27an egingo den mobilizazioa aurkezteko. (Iñigo URIZ/FOKU)

«Behingoz, euskaldun guztiak bereizkeriarik gabe, berdin hartuko duen egoera sortzeko aukera ikusten dugu. Nafarroako Parlamentuan euskararentzat lege berria lantzen den abagunea probestuta, euskaldunok indar egin dogu herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen egoera sortzeko», esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Bilbaok gogoratu duenez, 1986an onartu zen Vascuencearen Legeak Nafarroa hiu zonatan banatu zuen, lurraldearen zati handi bateko biztanleei eskubiderik gabe utziz. Urte hauetan euskaraz bizitzeko eskubidearen alde herritarrekin batera lanean aritu direla nabarmendu du.

Gauzak horrela, Nafarroako Parlamentuan Euskararen Lege berria egiteko aukerak aztertzeko sortu den ponentzia egoera aldatzeko aukera dela esan du Bilbaok. Ildo honetan, Parlamentuak lege berri honek hiru irizpide izan beharko dituela onartu du: nafarren hizkuntza-eskubideen bermea, hizkuntza-zonifkazioa eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan.

«Lortu daitekeen zerbait dela uste dugu eta aukera hau pasatzen uzten baldin badugu, eragina epe luzekoa izango dela uste dugu. Bada garaia urtetan egindako kaltea erreparatzeko», gaineratu du, zonifikazioarekin amaitzea ezinbestekotzat jo duelarik.

Urriko dealdia alderdi politikoei mezu zehatza luzatzeko antolatu da. «Neurri batean haien esku dago aldaketa. Oposizioan zeudenean erakutsitako irmotasuna izan dezatela benetako aldaketa lortu ahal izateko», esan du, aldaketaren agintaldia amaitzear dagoenean euskararen alorrean ere aurrepausuak eman behar direla nabarmenduz.

Honekin batera, agintaldia hasi zenetik Izquierda-Ezkerrarekin biltzerik ez dutela lortu esan du Bilbaok.