Zinemaldiaren 66. edizioak izar ugariren bisita jasoko du aurten. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hiru Donostia saridunez gain –Judy Dench, Danny DeVito eta Hirokazu Kore-eda–, hainbat aktorek eta zuzendarik baieztatu dute Donostiara etorriko direla: besteak beste, Juliette Binoche, Laetitia Casta, Timothwe Chalamet, Ricardo Darin, Lily-Rose Depp, Ryan Gosling, Claire Foy, Mercedes Moran, Robert Pattinson eta John C. Reillyk.
Gainera, gaur egungo zinemagintzaren zuzendari garrantzitsuenetako batzuk ere etorriko dira beren filmak Perlak eta Zabaltegi-Tabakalera sailetan aurkezteko: Jacques Audiard, Alfonso Cuarón, Bruno Dumont, Lucile Hadzihalilovic, Mamoru Hosoda, Nadine Labaki eta Felix Van Groeningen, beste batzuen artean.
Antzezpenaren talentu berriak ere izango dira, horien artean Mia Goth (‘El secreto de Marrowbone’, ‘Suspiria’), Lily-Rose Deep bera eta ‘Angelo’ filmeko aktore gazteak, Makita Samba, Alba Rohrwacher eta Larisa Faber. Orobat, kameraren bestaldean egin duen lehenengo lana ekarriko du Tuva Novotny (‘Annihilation’) aktoreak.
Alexander Payne zuzendari eta gidoilari estatubatuarra izango dela Sail Ofizialeko epaimahaiko presidentea. Urrezko Maskorra emateko eztabaidan, Nahuel Perez Biscayart eta Rossy de Palma aktoreak, Francesca Cima eta Agnes Johansen ekoizleak, Bet Rourich argazki zuzendaria eta baieztatzeke dagoen zazpigarren epaimahaikidea izango ditu lagun Paynek.
Egitaraua eta sarrerak, hilaren 13an eta 16an
Zinemaldiak irailaren 13an jarriko du eskuragarri programazio osoa, film guztiak eta ordutegiak.
Sarrerak, berriz, irailaren 16an jarriko dira salgai, goizeko 9.00etatik aurrera, kanal guztietan: Zinemaldi Plazako leihatilak (Kursaaleko beheko solairuan), Kursaal Elkarguneko leihatilak (Sail Ofizialeko abonamenduak eta 10 sarreratik beherako erosketak) eta internet bidez (www.sansebastianfestival.com eta Kutxabank). Gainontzeko galen (Donostia Sariak, Inaugurazioa eta Klausura) eta Belodromoko proiekzioen sarrerak ere eros daitezke, orain dela aste batzuk ipini ziren salgai.