Egungo energia ereduari «alternatiba berde» bat eskaintzearekin ez dira konformatzen I-Ener elkarteko kideak, Euskal Herriak arlo horretan ere burujabe izan behar duela uste baitute, eta horregatik energia nuklearraren ordezko energia eredu berri eta berriztagarriak eskaini nahi dizkiete Ipar Euskal Herriko biztanleei, eta ahal den neurrian, bertan ekoitzitako energia izan dadila, gainera.
Badira energia berriztagarriak eskaintzen dituzten enpresak Hego Euskal Herrian, esaterako, GoiEner proiektua indarrean da. Estatu frantsesean ostera, Enercoop da energia berriztagarriez hornitzeko aukera eskaintzen duen enpresa nagusia.
Aitzitik, Ipar Euskal Herrian kontsumitzen den energiaren (argia, petrolioa, gasa,...) %98,5 kanpotik etortzen da; hori dela eta, burujabetza energetikoa helburu duten neurrian, bertan ekoitzitako energiaz baliatu nahi dute I-Enerreko kideek.
Patxi Bergara, I-Ener proiektuaren sustatzaileetako bat da eta hastapenetan zirela egunkari honetan egin zioten elkarrizketa batean argi utzi zuen zer eta nola lortu nahi duten: «Energia ahalik eta garbiena ekoiztea da gure asmoa, energia berriztagarriak erabiliz, hau da, fotovoltaikoa, eolikoa, hidroelektrikoa eta biomasa, baina gu fotovoltaikoarekin hasiko gara, hori baita teknologia errazena eta energiaren mundua menderatzen ez dutenek gehien ezagutzen dutena».
Oinarrian herritarrak
Ipar Euskal Herrian energia berriztagarriak ekoiztea helburu duen I-Ener elkartea 2014an sortu zen. Egoitza nagusia Donazaharren duen elkarteak egin zuen lehen urratsa proiektuarekin bat egingo zuen jendea bildu eta kontzientziazio lana egitea izan zen eta horrela ekin zioten egitasmoa gauzatzeari.
Kontzientziazio lanak gaur egun ere ez du etenik eta haien jardunaren zati garrantzitsua izaten jarraitzen du, baina jendea biltzen eta informatzen duten bitartean, hitzetatik ekintzetara pasa dira, eta jada, urrats esanguratsuak egin dituzte.
Metodologia beti antzekoa izaten da. Lehenik, eguzki panelak ezartzeko teilatuak aurkitu behar dira, gero teilatuan lanak egiteko diru bilketa egiten da, dirua eskuratzen bada panelak ezartzen dira, eta azkenik, jasotako energia frantses Estatuko enpresa ahaldunei saltzen zaie.
Energia erosi eta hornitu dezaketen bi enpresari saltzen dio jasotako mozkina I-Enerrek. Zati bat, arlo honetan frantses Estatuan den enpresa handienari (EDF) saltzen diote, «prezio hoberenean», eta beste zati bat Enercoop enpresari. Bixente Uhalde I-Enerreko kidearen esanetan, «ezin diogu energia guztia Enercoopi saldu, eman eta jaso daitezkeen kantitateak legez mugatuak baitira».
Egitasmoak gauzatzeko modu errazena udaletxeekin elkarlanean aritzea denez, energia berriztagarrien aldeko apustua egin duten herriko etxeekin harremanetan jartzen dira. Horrela, eraikin publiko baten teilatua maileguz uzteko eta lanak ordaintzen laguntzeko zenbat diru ezartzeko prest dauden galdetzen diete udalei.
Udalek jartzen ez duten dirua herritarrek jartzen dute. Horri garrantzi handia ematen diote proiektuaren sustatzaileek eta kontzientziatuak dauden herritarren ekarpenik gabe halako egitasmo bat egikaritzea ezinezkoa dela diote. Azken batean, «proiektuaren oinarria herritarrak dira», nabarmentzen dute.
Jada 80 udalekin izan dituzte harremanak, hau da, Ipar Euskal Herriko udalerrien erdiek I-Ener egitasmoaren berri izan dute. Horrez gain, energia berriztagarriak sustatzeko harreman zuzena dute Euskal Elkargoarekin.
Egitasmo ugari martxan
Uztaritze izan zen eguzki energia baliatzeko apustua egin zuen lehen udalerria. 2016ko apirilean, orduko 9 kW ekoizteko gaitasuna zuten panelak ezarri zituzten bi eraikin publikotako teilatuetan. Hilabete batzuk beranduago gauza bera egin zuten Irulegin, eta 2016ko abenduan Hendaiako Herriko Etxearekin sinatu zuten kontratuari esker orduko 100 kW ekoizten dituzten xaflak ezarri zituzten eraikin handi batean.
Iaz beste bost lan egin zituzten, gehienak Nafarroa Beherean, hots, Makean (100 kW), Arrosan (9 kW), Bidarrain (9 kW) panelak ezarri zituzten, eta Izuran, ostera, 9 kW-ko bi panel jarri zituzten. Ondorioz, guztira 7 herritan ezarritako 9 plaka voltaiko ziren martxan uda hasieran, baina azken bi hilabeteetan beste sei proiektu ezarri dituzte plantan, Anhauze, Bardoze (2 zentral), Lehuntze, Baigorri eta Eiheralarren, guztiak 9 kW-koak.
Herri bakoitzean bilkurak egin zituzten herritarrekin uztailean zehar, batetik, proiektuaren berri emateko eta bestetik, egitasmoa gauzatzeko behar dituzten 36.000 euroak eskuratzen lagun dezaten eskatzeko. Bilerak emankorrak izan zirela baieztatu zion GARAri Bixente Uhaldek eta behar zuten dirua eskuratu zutela ere jakinarazi zuen I-Ener elkarteko kideak.
Uda honetan sei instalazio berri egitekoak ziren eta jada ia denak amaituak dituzte. «Soilik bi zentral falta dira, baina hurrengo asterako prest egongo dira», abisatu zuen Uhaldek. Ondorioz, guztira 15 zentral izango dira lanean irail amaierarako. Urte amaierarako ordea, beste pare bat instalazio martxan jartzeko asmoa dute, izan ere «2018rako hamar instalazio berri jartzeko helburua ezarri genuen», azaldu zuen Uhaldek.
Gaur egun, hornitu ahal izateko baimena duten 20 teilatu dituzte. Horietatik 9 Euskal Elkargoarekin hitzartu dituzte, beste 7 berriz, Baionako Herriko Etxeak maileguz emanak izan dira, eta gainerakoak herri desberdinekin hitzartu dituzte.
Panel batek atxikitzen duen eguzki izpien %30 bihurtzen da argindar, baina teknologia berriei esker, eraldaketa hori, laster, %51koa izango dela ziurtatzen dute.
Dena den, orain arte jarritako panelekin aurreikuspen guztiak bete dituztela nabarmentzen dute, uste baino egun eguzkitsu gehiago izan direlako eta panelek egoki erantzun dutelako.
Etorkizuneko energia
Bixente Uhaldek ez du zalantzarik, «energia berriztagarriak biharko energia dira, ingurumenarentzat eta gizartearentzat ezinbestekoak baitira». Hargatik, I-Enerrek Ipar Euskal Herrian lan egingo du, baina Uhalderen aburuz, azken helburua «Euskal Herri osoan energia berriztagarriak bultzatzea da».
I-Enerreko kideen ustez, herritarrek aukera izanez gero nahiago dute energia berriztagarriak erabili, baina hori horrela izan dadin, Uhalderen iritziz «aukerak sortu behar dira herritarrei ordezko ereduak aurkezteko».
Legearen arabera, ordea, jasotako energia hornitzaile bati saltzera behartuta daude, izan ere Estatu frantseseko legeen arabera energiaren kudeaketa osatzen duten lau faseak (sortu, banatu, garraiatu eta hornitu edo saldu) ezin ditu enpresa bakar batek egin, fase bakoitza erakunde desberdin bati dagokio.
Estatuak kudeatzen ditu garraioa eta banaketa, baina produkzioa eta merkaturatzea lehiara irekiak dira. I-Enerrek energia ekoitzi eta hornitzaileei saltzen die, eta haiek legez erostera behartuak daude.
Edonola ere, I-Ener elkarteak ez du bistaz galtzen bere egitasmoaren azken helburua, hau da, ekoizle soil izatetik harago, Euskal Herrian sortutako energia bertan kudeatu eta erabiltzea alegia.
Gero eta bazkide gehiago dituen egitasmoa teilatu publikoetan hasi da «etxea eraikitzen»
Lau urteko ibilbide laburrean, bide luzea egin du I-Ener elkarteak. Hasiera batean, amets edo aieru baino ez ziren ideiei, pixkanaka forma ematen hasi ziren. Gaur egun, ikusi eta ukitu egin daitezke egitasmoaren emaitzak.
Hasierako bilkuretan hamar bazkide elkartzen ziren, baina egun jada 450 bazkidek sostengatzen dute I-Ener proiektua. Bazkide bakoitzak gutxienez 50 euro jartzen ditu eta akziodun bilakatzen da. Hau da, akzioen prezio minimoa 50 eurokoa da eta norbanako, elkarte edo erakunde publikoak ere izan daitezke akziodun.
Azken biltzar nagusia pasa den ekainean egin zuten eta 393 akziodun gonbidatu zituzten. Baita ere, badira 5 enpresa eta 8 elkarte bazkide direnak eta Makeako Herriko Etxea ere bazkide da. Horrez gain, elkarteak laguntza puntualak ere jasotzen ditu, eta kasu horietan ere, laguntza eskaini duen erakunde edo norbanakoa akziodun bilakatzen da. Hendaiako Sokoa enpresak, esaterako, 50.000 euro jarri zituen, I-Ener egitasmoa bere lan filosofiarekin eta balioekin bat zetorrelako.
I-Ener sozietateak Ipar Euskal Herria du ardatz, horregatik Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Lapurdi biltzen dituen Euskal Elkargoarekin harremanetan da hasieratik, baina elkarlanean sakondu nahi dute «kolaborazio lana abiatzeko», Bixente Uhalderen irudiz, «horrela lana erraztuko bailitzateke eta proiektuak sostengu esanguratsua izango luke udalerrien aurrean».
Udalbiltzaren Pirinioetan Lan eta Bizi egitasmoaren diru laguntzei esker, 2016ko apiriletik langile bat du elkarteak, izan ere, egiteko lan handia dago. Elkarteko kideak jakinarazi zuenez, «teknikoki fotovoltaikoa errazena bada ere, administratiboki oso konplikatua da, sei hilabete eta urtebete arteko denbora eskatzen du beharrezko baimenak eskuratzeko».
Panelak ezartzeko, oraingoz ez dute lurrik erabiltzen, haien esanetan, «lurrak hartu baino lehenago teilatu mordoa baitago, beraz erabil dezagun daukaguna eta berdea bakean utzi». H.I.