NAIZ
SARTAGUDA

36ko altxamenduko biktimak omendu ditu Nafarroako Gobernuak Sartagudan

1936ko altxamendu frankistaren biktima izan ziren 500 familia baino gehiago omendu ditu Nafarroako Gobernuak Sartagudan, gobernuko eta memoria historikoaren alorrean diharduten elkarteetako ordezkariak izan dituen ekitaldian. Bertan, besteak beste, hiru biktimen testigantzak entzun dira.

Lore eskaintza Sartagudan (Idoia ZABALETA / FOKU)
Lore eskaintza Sartagudan (Idoia ZABALETA / FOKU)

500 familia baino gehiago omendu ditu larunbat goiz honetan Gobernu nafarrak Sartagudan, guztiak 36ko altxamendu frankistaren biktimak. Uxue Barkos, herrialdeko lehendakaria, izan du buru ekitaldiak.

Barkosen presentziaz gain, Sartagudan izan dira Gobernuko beste zenbait kide ere, baita oroimen historikoari lotutako elkarteetako hainbat ordezkari ere. Josefina Campos, Aurea Jaso eta Julio Sesma izan dira ekitaldian biktimen ahotsa entzunarazi dutenak.

Bere Gobernuak memoria historikoaren alorrean daukan konpromisoa nabarmendu du Barkosek bere hitzartzean. «Aldaketaren politikak hainbat alorretan islatu dira eta memoria historikoarena da, ezbairik gabe, horietako bat. Nafarroak ezin zuen biktimen memoria aitortu eta hauen mina konpontzeko gehiago itxaron».

Zentzu horretan, 1978 eta 1980 urteen artean inolako babes instituzionalik gabe Erriberako hainbat bizilagunek abiatu zituzten hobi ateratzeak txalotu ditu: «Hobi ateratze haiek, hein handi batean, hileta-elizkizun jendetsuak izan diren. Eskerrak eman nahi dizkiet familia nekaezin horiei, eta esan nahi diet jaso dugula euren mezua: memorian oinarritutako elkarbizitza sustatu behar da».

2018 hau urte berezia izaten ari direla ere esan du Barkosek, hainbat urteurrenek egiten dute eta bat: bost urte dira Iruñeko Legebiltzarrean Memoria Historikoaren legea onartu zenetik, 15 1936ko altxamenduaren ondorioz fusilatuak izan zirenen omenez adierazpena egin zenetik eta 80 Ezkabako gotorlekutik presoek ihes egin zutenetik.

Ekitaldia 12.00etan hasi da Nafarroako ereserkiarekin. Ostean, Paolo Albanese Sartagudako alkateak hartu du hitza eta ondoren entzun dira Campos, Jaso eta Sesmaren testigantzak.